Aralarko barrunbeetako zaborrak auzolanean biltzeko laguntza eskatu dute

Ataria 2022ko irailaren 21a

Irudia: ARR-19 barrunbearen sarrera. Enirio-Aralarko Mankomunitatea.

Larunbatean Arritzagako meategia garbitzeko deia luzatu du Enirio-Aralarko Mankomunitateak; 8:00etan elkartuko dira Amezketako plazan.

Parte-hartzaile guztiak 9:00etarako Buruntzuntzin meategian egoteko eskatu dute. Horretarako, eta ibilgailuak partekatzeko helburuarekin, 8:00etan Amezketako plazan egingo dute lehen elkartzea. «Enirio-Aralarko Mankomunitateak eskertuko luke bertaratzeko asmoa duten elkarte edo norbanakoen baieztapena, enirioaralar15@gmail.com helbidera mezua bidalita», esan dute.

Leizearen sarreran bost metrotik gorako sakonerako jauzi bertikala dagoenez, Felix Ugarte Espeleologi taldeko adituak bakarrik arituko dira barruko garbiketan, baina leizearen kanpoaldeko lanetan era guztietako mendizaleen laguntza espero dutela adierazi dute. Egindako estimazioen arabera, tona bat zabor egon daiteke bertan, pisurik handiena banatzea ezinezkoa den errefusak edukiko du, baina beira ugari aterako dela ere uste da, eta plastiko bolumena ere kontuan hartzekoa izango da. «Ez ahaztu ura, hamaiketakoa, eguzkitako krema eta kapela hartzea», gogoratu dute.

Meategiak garbitzeko programa

Iaz hasi zen Enirio-Aralarko Mankomunitatea Aralarko leize eta meategiak garbitzeko programarekin, eta aurten, Arritzagako aranean aurkitzen den ARR19 meategiko barrunbearen garbiketarekin emango dio jarraipena. Esteka honetan ikusi daiteke iazko Saltarriko leizearen garbiketaren inguruko informazioa.

Programa hau Eusko Jaurlaritzak garapen jasangarria sustatzeko emandako diru laguntzarekin finantzatzen da, barrunbe hauek europar intereseko habitatak eta Euskadiko espezie mehatxatuen zerrendan dauden espezie ugariren, hainbat saguzar esaterako, bizileku direlako. Halaber, barrunbe hauetatik doazen lurpeko uren kalitatea hobetu nahi da, besteak beste beheko herrietan aprobetxatzen direlako.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!