Xabi Goikoetxea txapeldunorde, Espainiako Mus Txapelketan

Tolosaldeko Ataria 2022ko ira. 20a, 18:59

Amezketarra bigarren sailkatu da Iruñeko Andia hotelean jokatu den txapelketan (lau erregetako modalitatean), Dani Garcia azpeitiarrarekin bikotea osatuz. 1.235 euroko saria eskuratu du bikoteak.

Xabi Goikoetxea amezketarra txapeldunorde izan da Espainiako Mus Txapelketan, lau erregetako modalitatean. Joan zen ostiralean eta larunbatean jokatu zuen txapelketa, Dani Garcia azpeitiarra bikotekide zuela, Iruñeko Andia hotelean. Guztira, 69 bikotek parte hartu zuten lehian, eta gipuzkoarrak final handira iritsi ziren. Azken partidan, ordea, Burgosko Ivan eta Marcial nagusitu zitzaizkien. Horrenbestez, bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen Goikoetxea-Garcia bikoteak. 

Ostiralean, bi partida jokatu zituzten Goikoetxeak eta Garciak, eta bietan nagusitu ziren. Larunbatean, berriz, 10:30ean hasi ziren lehiatzen, eta 3:30ean amaitu zituzten egitekoak, 11 partida jokatu ondoren. Hiru neurketa galdu behar ziren txapelketatik kanpo geratzeko, eta Goikoetxea-Garcia bikoteak hamar irabazi eta bakar bat galdu zuen egun osoan zehar; hala lortu zuen finalera iristea.

Ivanek eta Marcialek osatutako bikotea bederatzi partida irabazi eta bi galduta iritsi zen finalera. Aurrez, gainera, Goikoetxeak eta Garciak neurketa bat irabazi zieten haiei, baina final handian ezin izan zieten aurre hartu gipuzkoarrek. Izan ere, Goikoetxea eta Garcia finalera partida bateko abantailarekin iritsi baziren ere, Burgosko bikotearen aurka bi neurketa jarraian galdu zituzten, eta azkenean, bigarren izan ziren sailkapenean. Horrenbestez, Espainiako Mus Txapelketan txapeldunorde izan ziren gipuzkoarrak, eta 1.235 euroko saria eskuratu zuten.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!