Etxeetan sortutako hondakinen %76,80 bildu zuten gaika, iaz, Amezketan

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko ira. 15a, 09:05

Amezketako Udalak 2020ko uztailean hondakinen kudeaketa eta tratamendua hobetzeko bilketa sisteman hainbat aldaketa egin zituen, eta orain eman ditu ezagutzera iazko eta aurtengo lehen seihilekoaren emaitzak. Iaz amezketar bakoitzak 245,92 kilo hondakin sortu zituen, eta sortutako hondakinen %76,80 sailkatu zuten gaika. Aurten, iaz baino %1,25 sailkatu dute.

2020ko uztailean hondakinen bilketa sisteman zenbait aldaketa egin zituen Amezketako Udalak. Herrian sortzen dituzten hondakinen kudeaketa eta tratamendua hobetzea zuten helburu. Konpost guneak kendu zituzten, eta landa eremuko edukiontzi txikien ordez hondakinen gaikako bilketarako edukiontzi handiak jarri zituzten udalerriko hainbat puntutan. Eta aldaketarik nagusiena errefusaren eta hondakin organikoaren kudeaketarako sarraila elektroniko dun edukiontziak jartzea izan zen. 

Honela, 2021. urtean etxeetan sortutako hondakinen %76,80 gaika bildu dela eman dute jakitera, eta "datu benetan azpimarragarria eta poztekoa da" udalarentzat, "inguruko herrietan dauden ehuneneko hoberenetakoa baita", azaldu dute.

Aldaketa hauekin hondakinen bilketarako sistema "eraginkorragoa eta txukunagoa" lortu nahi izan dute, eta horretarako "ezinbestekoa zen amezketarren ahalegina eta konpromisoa". Guztien partaidetza ezinbestekoa dela azpimarratu dute, "ahalik eta hondakin gutxien sortu, eta sortutakoa ongi bereiziz ingurumena babesten laguntzeko". 

Jakitera eman dute udaletik sistema berria abian sartu zenean udalak ez zituela udalerriko bilketaren "behar adina datu zehatz". Tolosaldeko Mankomunitateak 2021. urtearen hasieran bilketa sisteman zenbait hobekuntza ezarri zituela, eta, berriki, "iazko eta urte honetako lehen seihilekoko Amezketako bilketaren datuak eskuratu ditugu". Udalak herritar guztiekin partekatu nahi izan ditu.

Amezketan guztira 464 txartel dituzte banatuta, errefusaren ontzia eta/edo organikoaren ontzia zabaltzeko, eta horietatik, "2021ean %15,7 ez dira inoiz erabili", azaldu dute. Amezketar gehienek hondakinak gaika biltzeko egiten duten esfortzuak %76,80ko emaitza eman du, eta biztanle bakoitzak, batez beste, 245,92 kg hondakin sortu zituen. Kasu honetan, Tolosaldeko batez bestekoaren azpitik daude amezketarrak, 302,37 kg baita biztanle bakoitzeko, baina "hondakin gutxien sortu zuten zenbait herri txikiren gainetik gaude", zehaztu dute.

Urte honi dagokionean, berriz, dagoeneko eskura ditu Amezketako Udalak lehen seihilekoko datuak, "esan behar da joan zen urtearekin alderatuz, gaikako bilketa pixka bat hobeto doala", esan dute. Iaz baino %1,25 gehiago sailkatu dute. %78,05 da urte erdiak utzi duen datua, eta Tolosaldeko batez bestekoa %67,27 dela adierazi dute. Hala ere, nabarmendu dute: "Eskualdeko lau herritan Amezketan baino datu hobeak dituzte".

Urte honetan sortu duten hondakin kopuruari dagokionez, amezketar bakoitzak dagoeneko 102,46 kg hondakin sortu ditu. Tolosaldeko batez bestekoa 148,49 kg hondakinekoa da.

Amezketako Udalak txalogarritzat jo du herritarrek egiten duten ahalegina eta saiakera hondakinak sailkatzeko, eta aldi berean, geroz eta gutxiago sortzeko, baina, "gauzak hobeto egiteko oraindik ere marjina dago".

Bukatzeko, herritarrei bide beretik jarraitzeko eskatu die udalak: "Hondakinen kudeaketan gauzak hobetzen joateko, eta maite dugun gure lurraldeak eskertuko baitigu, orain eta etorkizunean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!