Altuna III.ak ezin izango du Bizkaia Txapelketako finala jokatu

Ataria 2022ko abu. 22a, 12:02

Jokin Altuna atzo lesionatu zen Zarauzko Aritzbataldeko partidako lehen tantoetan, eta ezin izango du gaurko partida jokatu Bilboko Bizkaia frontoian.

Lehia hotza eta desorekatua izan zuten atzo Altuna III.ak eta Zabaletak osatutako bikoteak Laso eta Mariezkurrenaren aurka Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan jokatutako partidan. Lehen tantoetan Altunak ezkerreko iztarraren atzealdeko muskuluan min hartu eta hortik aurrera amezketarrak ez zuen berdin jokatu. Altuna partida amaitzeko gai izan bazen ere, azkenean, Laso eta Mariezkurrena 22 eta 10 gailendu zitzaizkion.

“Min dezente hartu dut eta seguruenik zerbait edukiko dudala. Sentsazio oso oso txarrak izan ditut eta hortik aurrera ezin nuen korri ere egin”. Horiek izan ziren Amezketako aurrelariak Zarauzko partida amaitzean egin zituen adierazpenak. Itxaropen handiko partida izan zen ikusleen artean, baina lesio horren ondorioz ez zen partida berdindua izan. 

Orain, probak egin arte itxaron beharko du, lesioa norainokoa izan daitekeen ikusteko. Hala ere, Altuna III.ak ezin izango du gaurko partida jokatu Bilboko Bizkaia frontoian. Horren ordez, Dariok jokatuko du Bizkaia Txapelketa finala Martijarekin batera, Urrutikoetxea eta Martiezkurrena II.aren aurka. 

Lau eta erdiko finala

Lau eta erdiko finala ere jokatuko dute gaur Peña II.ak eta Victorrek. Baina azken honen lesio baten eraginez, Egiguren V.a izango da bere lekua hartuko duena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!