Altunak min hartuta jarraitzen du

Tolosaldeko Ataria 2022ko abu. 4a, 11:57

Ostiralean ezker sorbaldan min hartu zuen Getarian; ez du jokatuko gaur Beran jokatzekoa zuen partida.

Jokin Altunak min hartu zuen sorbaldan aurreko ostiralean CaixaBank Masterseko 3. jardunaldiko partidan, Getarian. Amezketakoak txapa azpiko horma jo zuen ezker sorbaldarekin, pilota bat altxatzera joan zenean. Proba fisikoak egiten ari zaizkio pilotariari zenbateko lesioa duen ikusteko. Honenbestez, ez du jokatuko gaur Beran egitekoa den jaialdian eta ikusteko dago Andre Maria Zuriaren Torneoko finalaurrekoan ariko den. Iker Irribarriak beteko du gaur bere tokia; Zabaleta izango du lagun, Ezkurdia-Martijaren aurka.

Pilotari amezketarrak 22 egunetan hamaika partida aurreikusita dauzka, bi egunez behin bat. Oraindik ere kopuru hori altuagoa izan daiteke, hurrenez hurren, abuztuaren 9rako eta 27rako iragarrita dauden Andre Maria Zuriaren eta Aste Nagusiko torneoetako finaletara sailkatzea lortzen badu. Ikusgai dago zein bide hartuko duen Altunaren lesioak eta partida horiek jokatzeko moduan izango den.

Donostia Hiria Torneoa

2022ko Donostia Hiria Torneoa aurkeztu dute, eta gauzak ondo bidean, Altunak bertan parte hartuko du. Aurten finalerdi bakarra izango du, Laso-Zabaleta eta Altuna III.a-Albisu bikoteek jokatuko dutena abuztuaren 28an. Irabazleek finala jokatuko dute Ezkurdiaren eta Mariezkurrena II.aren aurka, irailaren 2an.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!