Amezketako jaiak 2022

Euliak festan, bost egunez

Irati Saizar Artola 2022ko abu. 20a, 20:00

San Bartolome festak ospatzeko guztia prest dute amezketarrek; abuztuaren 23an hasi eta 27an amaituko dituzte herriko festak. Hutsik egiten ez duten ekitaldiak izango dituzte aurten ere, eta eulia ere prestatu zaie plaza erdira jaisteko.

Musikaz, ikuskizunez, kirolez, janaz edota edanaz ase egin arte ospatuko dituzte San Bartolome jaiak amezketarrek. Gustu guztietarako ekitaldiak dituzten bost egun prestatu dituzte abuztu amaierarako. San Bartolome egunaren bezperan hasi, eta abuztuaren 27an amaituko dituzte herriko festak.

Euliak dira amezketarrak eta festari hasiera zein amaiera emateko irudi hori erabiltzen dute. Abuztuaren 23an, futbol aretoko finalak eta txistulari eta buruhandiak izango dituzte arratsaldean, eta horren ondoren emango zaie hasiera ofiziala festei, 20:30ean egingo den euliaren jaitsierarekin. Eta azken egunean, abuztuaren 27an, 00:00etan egingo dute euliaren entierroa. Festen amaiera hain tristea ez izateko, txaranga arituko da ekitaldia girotzen. Lutoz jantzita joateko gonbidapena egin du festa batzordeak.

San Bartolome egunaren biharamuna, abuztuaren 25a, haurrei begirako eguna prestatu dute, eta kuadrillen eguna izango da hurrengo eguna, abuztuaren 26a, ostirala. Kuadrilla egunari hasiera emateko, txupinazoa botako dute eta pilotalekua bete jende elkartuko da bazkarirako. Lagunekin argazkiak atera nahi dituenak pilotalekuan bertan jarriko duten photocall-ean izango du aukera, bazkarian.

Azken egunean, herriko haur eta gaztetxoek herri kirolak eskainiko dituzte, eta paella lehiaketa egingo dute jarraian, 13:00etan hasita. Behar den guztia norberak eraman beharko du eta urtero moduan, sari potoloak izango dituzte. Besteak beste, paella onena prestatzen duenak 150 euro irabaziko ditu; bigarrenak 100 euro, eta hirugarrenak 75 euro. Horren ostean, arratsaldean, San Martinen jarraituko du festak. Artzai txakur erakustaldia antolatu dute, 17:00etarako. Festen azken txanpan sartuta, Jundajo txaranga arituko da kaleak alaitzen eta sagardo dastaketa egingo dute afal aurretik.

Aspaldi batean hasi, eta geratzeko etorri zen gauean zehar bingoa egitearen ideia. Bost egunetan, gauero izango dute hitzordua, musika taldeek atseden hartzen duten tarte horietan. Irabazleek sariak izango dituzte.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!