Zazpiturri eremua txukunduko du Amezketako Udalak

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko uzt. 6a, 11:59

Zazpiturrik duen garrantzia ezagutzera emateko eremua egokitu eta bi ibilbide prestatuko ditu Amezketako Udalak. Horretarako, 70.000 euroko diru laguntza lortu du Eusko Jaurlaritzatik.

Amezketako Zazpiturri Aralar Parke Naturalaren barruan kokatuta dago, eta Euskal Autonimoa Erkidegoko ur iturri garrantzitsuenetako bat da. Sasiak hartua eta utzita dagoen kokalekua da egun, eta Amezketako Udalak Arritzaga bailaran egin zituzten lanei jarraipena emanez, eta Zazpiturri guneari merezi duen balioa emateko proiektua gauzatu du.

«Historikoki garrantzia handia izan du beti Zazpiturrik Amezketan», dio Mikel Arteaga zinegotziak. Pilota eskolak edota elkarte gastronomikoetako batek ere Zazpiturriren izena hartua dute; «baina eremua pixka bat utzita dago, eta uzten joan da», zehaztu du. Hori horrela, eremua txukundu eta ezagutzera emateko 77.000 euroko inbertsioa egingo dute, eta Eusko Jaurlaritzako Garapen Jasangarrirako diru laguntzatik 70.000 euro jasoko dituzte.

Aralar mendilerroa sistema karstiko bat izan da, «ur batzuk gainazaletik doaz, baina ur gehiena lur azpitik doa», azaldu du zinegotziak. Gainazaletik doazen urak Arritzaga bailaran behera doaz errekan, eta lur azpitik doazen urak Zazpiturrin ateratzen dira. «Oso emari handia du iturburu horrek», nabarmendu du Arteagak.

Hasteko, Zazpiturrin bertan, eremua txukunduko dute eta informazio iturri izango diren panelak jarriko ditu udalak.

Lur azpitik doazen ur horiek egiten duten ibilbidea, eta Zazpiturrin nola ateratzen diren azalduz, eta horrek duen garrantzia esplikatuz bi ibilbide prestatuko dituzte: «Errotatik —Pello Zabala gunea— aterako dira bi ibilbideak, bat luzea izango da, eta San Martindik pasako da». Bertan, Arritzaga bailarako uren azalpena ematen duen panela ikusteko aukera izango dute bisitariek, eta San Martindik Zazpiturrira joango litzateke ibilbidea, gero errotan amaitzeko.



Beste ibilbidea motza izango litzateke, eta errotatik abiatu eta zuzenean Zazpiturrira joan eta etorria izango litzateke.

Belaunaldi berriek Zazpiturrirekiko lotura galdua dutela azaldu du Arteagak, eta bertara gerturatzen saiatu diren gazte askok ez dutela lortu aurkitzea ere kontatu du.

Zazpi iturburu ditu errekak, eta horregatik deitzen dela Zazpiturri ere argitu du: «Zenbat euri egin duen kontuan hartuta, eta lur azpian dagoen ur kopuruaren arabera, Zazpiturriko malda horretan goraka iturburuak sortzen doaz».

Iaz osatu zuten proiektua, eta orain lizitazioa martxan jarria dute. Udazken aldera lanekin hasteko moduan izatea espero dute udalean.

PAPER FABRIKAREN ITURBURU

Amezketan bertako ura erabiltzen dute, eta gogora ekarri du Amezketan bertan paper fabrika egotearen arrazoia bera ere Zazpiturri dela: «1936an uste dut ireki zela, eta garai hartan Tolosako pare bat gazte omen zebiltzan arrantzan, eta ekaitza hasi omen zuen». Historiak, gaur egun, Pello Zabalaren gunea den errotaren inguruan gorde zirela diola zehaztu du, eta euria ari zuenez, bi errekak bertan bat egiten zutela konturatu zirela. Hau da, «Arritzagatik gainazaletik datorren erreka hori, eta lur azpitik datozen eta Zazpiturrin ateratzen diren urak errotan elkartzen direla».

«Erreka bat marroitu egin zela konturatu omen ziren bi gazteak», jarraitu du kontatzen, eta «emaria asko handitu zitzaiola». Bestea, berriz, «konstante mantentzen zela eta garbi». Alegia, Zazpiturritik lur azpitik doan ura beti garbi mantentzen da eta konstantea da.

Hori horrela, Zazpiturriko ur hori erabiliz paper fabrika bertan jartzea erabaki zutela esan du zinegotziak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!