San Martingo etxolan, bisitarien zain

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 30a, 07:59

Amezketako San Martinen udalak etxola jarria du taberna zerbitzua eskaintzeko, eta aurten Aratz Alkain herritar gazteak hartu du ardura; 11:00etan zabaltzen du etxola eta 23:00ak arte izaten du zabalik.  

Aratz Alkain (Amezketa, 2003) herritar gazteak ireki du udalak San Martin auzoan jarria duen etxola. Hilaren 20an egin zuen inaugurazioa, eta harrez gero, eguraldiak asko lagundu ez badio ere, zabalik du taberna zerbitzua eskaintzen duen etxola.

Elektrikari ikasketak amaitu berri ditu, eta udara begira lanerako «gogoz eta gustura» dela kontatu du gazteak. Hori horrela, aukera polita iruditu zitzaion herrian bertan etxolan lan egitearena. «Izan zitekeen aukerarik onena izan da», dio. «Diru pixka bat irabazi eta esperientzia berri bat bizitzeko asmoz», apuntatu zela kontatu du Alkainek. Beste inor animatu ez zenez, berari egokitu zaio taberna zerbitzua eskaintzeko ardura hartzea, eta lana egiteko ilusioarekin dagoela azpimarratu du.

San Martinera gerturatuz gero, hasteko, paisaia ederraz gozatzeko aukera eskaintzen du atsedenlekuak, eta Alkainek edari freskoak ditu zerbitzatzeko, eta baita kafe makina ere, kafeak edota infusioak eskaintzeko. Nola ez, etxolan ez da falta, gozokirik ez eta izozkirik ere. Jatekoari dagokionean, «oraingoz hotzak baino ez», zehaztu du. Jatekoarena zailago ikusten duela esan du, eta aurrera begira laberen bat jartzea aztertzen ari da. Hasi besterik ez da egin lanean, eta martxa hartu nahian ari da. Aurrera begira lana egiteko jendearen joan-etorriak eta eskaerek zehaztuko diote.

Iraila amaiera bitarte izango du zabalik Alkainek. Eguraldiak eragin zuzena du, ordea, zerbitzuan: «Eguraldi txarra denean itxita egongo da, ez da inor etortzen; eguraldi onarekin aprobetxatzeko tokia da».

11:00etatik 23:00etara edukiko du zabalik. «Gustura» da lehen egunetan herritarrek eman dioten erantzunarekin. Inauguraziora herritar dezente joan zela kontatu du; «San Joan sua ere egin genuen eta jende dezente etorri zen».

Alemaniako bikote gazte batek bertan pasa berri du gaua, eta Alkainen kafea eskertu dute. Baina, bertakoei egin die dei; bai herritarrei eta baita eskualdekoei ere, San Martinera gerturatzeko. Naturaren erdi-erdian atsedenleku bikaina dago egunpasa eginez joateko.

Mendi buelta ederrak egin daitezke San Martindik abiatuta, edota atseden hartzera joateko ere leku aproposa da. Mahaiak eta aulkiak ez dira falta, eta parrilak ere badira jatekoarekin joateko. Etxolan, aldiz, ez da sagardo, ardo edo garagardo freskorik faltako.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!