Eskualdeko erakusleiho txikiak munduari zabaltzeko prestatu dituzte

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko eka. 27a, 17:54

Tolosaldeko turismo eragile ezberdinek bat eginda, eskualdeaz gozatzeko eskaintza zabala osatu dute udara begira. Aurtengo berrikuntza izango den Amezketako Pello Zabala gunean egin dute aurkezpena, eguerdian. Bisitatzekoak, jatekoak eta edatekoak eman dituzte ezagutzera, eta aurten ere bisitarien kopuruari eutsi nahi diote.

Tolosaldeak duen ondare, kultura, natura eta gastronomia aberastasuna ezagutzera emateko prest dira eskualdeko hogeita zortzi herriak. Eskualdeko eta mundu mailako bisitariak erakarri nahi dituzte, eta Naturarekin konektatu, gure kulturarekin ikasi eta bizipenekin gozatu… bizi Tolosaldea nahieran lelopean aurkeztu dute udako eskaintza. Eskualdeko herriek eta eragile ezberdinek bat eginda aurkeztu dute udari begira prestatu duten eskaintza, eta aurtengo berritasuna Amezketako Pello Zabala gunea denez, bertan eman dute ezagutzera. 

Bada zer ikusi, zer jan eta zer edan Tolosaldean, eta mendi ibilbideak ere bisitarien eskura jarriak dituztela esan du Iker Urruzola Tolosaldea Garatzeneko lehendakariak. Helburutzat turismo jasangarria dute, eta tokian tokikoak bultzatzen dituzte.  Eskualdeaz hitz egiterakoan, eta herri txikiez osatua izaki, Urruzolak «benetakotasuna» azpimarratu du ezaugarritzat. 

Pixkana bada ere, lo tokiak gora doazela esan du eta egun 609 dituela eskualdeak, eta horien okupazio datuek ere goranzko joera izan dutela azaldu du. Dagoeneko 2019ko datuak gainditu direla eta, «gure udako aurreikuspenak bete dira» adierazi du. Elkarlana dagoela horren atzean, eta emaitza horiekin elkarlana agerian geratzen dela dio. Bukatzeko, «bide honetan jarraitu behar dugu aurrera begira». Bertako nahiz kanpoko,  Tolosaldea ere bisitatzeko deiarekin amaitu dute agerraldia.

Gastronomiak bere tokia du
Txumitxa, Ibarrako piperraren landaketara bisita eta dastaketa egiteko aukera izango da abuztuak 7 eta 14an, 12:00etan. Helduak 10 euro eta haurrak bost euro ordaindu beharko dute. 

Rafa Gorrotxategiren museoan bisita libreak izango dira larunbatetik astelehenera 09:00etatik 14:00etara, eta asteartetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Aldiz, bisita gidatuak eta txokolate tailerrak aurrez hitzartu beharko dira. 

Urdapilleta Euskal txerria hezten duen Elola baserrira eta txerriak bizi diren basora bisita eta dastaketa egin nahi dutenek, aurrez hitzartu beharko dute eguna eta ordua. 

Amasako Hika Txakolindegiko mahastietara bisita eta dastaketara joateko ere aldez aurretik   hitzartu beharko dira eguna eta ordua. Aldiz, Adunako Aburuza sagardotegian, ostiraletan 13:00etan dastaketa eta bazkaria egiteko aukera izango da, bisitarik gabe. Eta ostiraletan eta larunbatetan 12:30etik 19:30era bisita gidatua eta otordua eskainiko dituzte.

Tolosako turismo bulegoari dagokionean, ostiraletik aurrera, egunero zabalduko ditu ateak, eta ordutegia ere zabalagoa izango du: astelehenetik igandera, 10:00etatik 14:30era eta 15:30etik 19:00etara. 

Tolosaldeko Udako Eskaintza

Abaltzisketa

  • Zuhaitz parkea. Uztaila eta abuztuan egunero irekita.
  • Arku tiroa eta orientazio jolasa. Egunero (aurrez hitzartuta) .
  • Arroila jaitsiera. Osinberden, uztailak 17 eta 24; abuztuak 14 eta 21 (aurrez hitzartuta taldeentzat beste egun batzuetan ere egin daiteke).
  • Eskalada. Zazpi Iturrin, Aralar. (Aurrez hitzartuta taldeentzat).


Amezketa

  • Argi ezkutuaren bila.  San Bartolome eliza eta Argizaiolak. Uztailak 9 eta 23, Abuztuak 6 eta 20. 18:00etan. 3 euro pertsonako. 
  • Talo tailerra. Uztailak 2, 16 eta 30; Abuztuak 13 eta 27. 18:00etan. Haurrek zortzi behera, 3 euro eta helduek 6 euro pertsonako. Gidaren kostua 60 euro. 
  • Igandeak. 12:00-14:00. Bisita librea eta pintxoa jateko aukera. Pertsonako 3 euro. 


Altzo

  • Altzoko erraldoiaren ibilbide gidatua. Uztailaren 15ean, 17:00-19:30. 3 euro pertsonako. Erreserbak turismo bulegoan.

Alkiza

  • Urmara museoa. Basoan dagoen aire libreko museora bisita gidatua, aurrez hitzartuta.
  • Fagus Alkiza. Interpretazio zentroko erakusketa berritua ezagutzeko bisita gidatuak. Uztailak 8 eta 29, 11:00etan, euskaraz.  Horrez gain, urmael berriaren eta hegazti harraparien inguruko bisitak eta uztailak 22an, Euskaltzaindiaren omenaldia eta erakusketaren inaugurazioa. 

Larraul

  • Ekomuseoa. Museo etnografikora bisita gidatua, aurrez hitzartuta.

Tolosa

  • Bisita gidatuen eskaintza. Astelehenetik ostiralera: 10:00etan, Tolosako Alde Zaharra eta 11:30ean, Andre Maria eliza eta gangak. Larunbatetan: 10:00etan, Alde Zaharra; 11:30ean, azoka eta 13:00etan, Andre Maria eliza eta gangak.
  • Topic. Asteartetik ostiralera: 10:00-13:00/ 16:00-19:00.. Asteburuak eta jai egunak: 10:00- 14:00/ 15:30- 19:30.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!