Abenduko euriteek sortutako kalteak konpondu nahian

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mai. 18a, 07:58

Amezketako Udalak kalteak izan zituzten errepideak konpondu ahal izateko diru gehiago bideratuko du errepideetara; diru laguntza lortzen saiatuko dira.

Amezketako Udalak urtero-urtero egiten du ahalegina herriko bideak berritu edo txukun mantentzeko, eta aurten ahalegin berezia egin beharrean suertatu da, batez ere, neguko euriteek eragindako kalteei aurre egin ahal izateko. Oraindik konpondu beharreko guneak gelditzen zaizkienez, eta lanekin jarraitu ahal izateko, «115.000 euro gehiago» errepideetara bideratzea erabaki dute konponketa horiek egin ahal izateko. 

«Egoera txarrean dauden errepideak konpontzeko, azken urteetan, urtero, 70.000 euroko inbertsioa egiten da», zehaztu du Mikel Arteaga zinegotziak. Aurten, baina, ia 90.000 euro gastatu dituzte Larrondora doan bidea konpontzeko. Larrondorako bideaz gain bidean zehar dauden ubideak ere berritu dituzte, eta horrez gain, Altunegi auzoan ere egin dituzte konponketa batzuk. Ibilgailu bakarra pasatzeko moduko errepidea denez, ibilgailuak gurutzatu ahal izateko zabalguneak egin dituzte, eta Etarte eta Arpiano baserrietara joateko bidean ubidea ere konpondu dute.

Aurten, egoera bestelakoa suertatu zaio Amezketako Udalari, eta lan gehiago izaten ari dira abenduan izandako euriteek «izugarrizko luiziak» eragin zituelako Amezketako errepide ezberdinetan. «Lau edo bost luizi izan ziren, eta kalte handiak izan genituen», kontatu du Arteagak. 

Lan guzti horiei aurre egiteko 200.000 eurotik gorako inbertsioa egin beharko dutela aurreikusi dute. Kasu honetarako, «Espainiako gobernuak abenduko euriteen kalteei aurre egiteko diru laguntza bat atera du, eta horra aurkeztuko dugu gure inbertsioa», aurreratu du zinegotziak, eta «espero dugu laguntza jasotzea».  

Momentuz ahal den moduan egokituta dituzte errepideak, eta batzuk konpondu badituzte ere, oraindik lan asko geratzen zaizkio egiteko Amezketako Udalari: «Luizia gertatu zeneko malda egonkortu beharra, beste kasuren batean errepide osoa berritu beharra daukagu,...». 

Ariketa fisikoa, aire librean
Amezketako Udalak herriko adinekoak kirola egitera animatu nahi ditu, eta aire librean eta hiru kokaleku ezberdinetan ariketa fisikoa egin ahal izateko makina ezberdinak jarri ditu. «Hondakin sistema aldatu genuenean, hainbat gune txukundu beharra zeuden».

Eremu horiek konposta gune komunitario moduan erabiltzen ziren, eta hondakin sistema aldatzearekin, «eremu horiek nahiko itsusi eta zikin zeuden», dio Arteaga zinegotziak. «Erabilerarik gabe geratuta zeuden guneak ziren, eta txukuntzen joan gara». Lorezaintza aldetik txukundu dituzte, eta atseden hartzeko aulkiak ere jarri dituzte.

«Amezketak duen arazoetako bat da paseorako laua den leku handirik ez duela», dio Arteagak. «Horregatik ari gara bidegorriarekin hainbeste borrokatzen», zehaztu du. Eta momentuz, herriko puntu ezberdinetan kokatu dituzte kirola egiteko makina ezberdinak. Honela, «herrian paseo bat ematen duten bitartean, ariketa fisikoa egin ahal izateko baliatu ditzakete».  

Argazkiak: Amezketako Udala

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!