Unai Lasok jokatuko du finala

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 14a, 19:45

Jokin Altunak Unai Lasoren aurkako finalaurrekoa 22-17 galdu du. Jakak finalerako txartela izango du jokoan bihar, Ezkurdiaren aurkakoan.

Emozio handiko finalaurrekoa jokatu dute Altunak eta Lasok. Egungo Buruz Buruko txapeldunak finalerako txartela lortuko zuela zirudien arren, partidaren amaieran Lasok buelta ematea lortu du finalerako sailkatuz.

Hamarna berdinduta egon da partida, eta Altunak lau tanto errenkadan egin ditu, 14-10 jarriz. 17-13 ere jarri da Altuna aurretik, baina ondoren Laso izan da lau tanto jarraian egin, eta 17na berdintzea lortu duena. Une horretatik aurrera ere Laso izan da tantoak egin dituena, 22ra iritsi arte.

Jokin Altunak Laso zoriondu du partidaren amaieran, eta "merezita" irabazi duela azaldu du, "gehiago izan baita". "Erritmo gabe" ikusi du bere burua amezketarrak. "Berak harrapatu egin nau, saketik ere min egin dit eta opariak ere egin ditut", esan du. "Pena handia" duela azaldu du, partidak alde egin diolako, "baina horrelakoa da kirola; oso zaila da dena irabaztea". Buruz Buruko txapelketa oso zaila izan dela esan du Altunak, baina, hori bai, "den dena" eman duela, eta triste badoa ere harro doala.

Unai Laso pozik azaldu da lorpenarekin, eta harro dagoela esan du. "Hasieran presaka aritu naiz, eta akats batzuk egin ditut, partidatik ateraz", adierazi du. Burua argi izatea beharrezkoa dela horrelakoetan azaldu du; "aurkariak baino gehiago eman diot pilotari eta irabaztea lortu dut".

Ezkurdiak eta Jakak bihar jokatuko duten partidan erabakiko da Lasoren aurkaria finalean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!