Alaine Agirrerekin amatasunez, Amezketako Irakurle Taldean

Tolosaldeko Ataria 2022ko mai. 5a, 18:59

Alaine Agirreren Karena liburua izan dute tertulia-gai, eta dozena lagun pasatxo elkartu dira idazlearekin batera. Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori liburua izango dute ikasturtean irakurri beharreko azkena.

Amezketako Irakurle Taldearen laugarren eta azken aurreko saioa izan zuten joan den asteartean, kultur etxeko erretirodunen txokoan. Alaine Agirre idazle bermeotarraren Karena liburua irakurri dute irakurzale amezketarrek, eta idazlearekin berarekin aletu zituzten liburuaren barrunbeak.
 
Amatasunez hitz egin zuten, pluralean; eta taldeko gehienek aipatu dute "orain arte ezezaguna izan zaien errealitate batera" gerturatzeko balio izan diela liburuak. Saioan zehar aipatu zutenez, "gizartean amatasun eredu jakin bat edo batzuk ikusarazten dira, baina amatasuna bizitzeko eta ulertzeko modu asko daude". Orokorrean, "jendea ez da kontziente, edo jendeak ez daki errealitate horiek existitzen direnik ere", azpimarratu dute taldetik. Askorako eman ziela kontatu dute, idazlearekin igarotako bi orduek.
 
Maddi Ane Txoperenaren, Ez erran inori
 
Irakurle Taldeak ekainaren 14an, asteartean, izango du aurtengo azken saioa. Ohikoa duten moduan, eta eguraldiak laguntzen baldin badie, San Martinen egingo dute azken saioa; eguraldiak lagunduko ez balu, berriz, kultur etxean bertan, ohiko lekuan.
 
Igartza saria jaso duen liburua da, Maddi Ane Txoperenaren Ez erran inori. Amezketan ohikoa den moduan, idazlea bera ere bertan izango da. Irakurle taldekoek esan dutenez, amezketarrak eta inguruko herrietakoak, liburua irakurri dutenak eta irakurri ez dutenak, guztiak daude gonbidatuta ekainaren 14an, 19:00etan egingo den tertulia horretara.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!