Josu Artolak irabazi du etxean

Ataria 2022ko api. 23a, 20:47

Lehen aldiz egin da Amezketako Hard Enduroa proba, eta moto gidari amezketarrak eraman du garaipena.

Bigarren Alberto Aranburu tolosarra izan da eta hirugarren Alberto Itoiz. Jende ugari izan da proba ikusten, eta eguraldiak ere asko lagundu du, azken unera arte ez baitu zaparradarik egin. Pozik zegoen Artola probaren amaieran: "Egia esan, oso ondo joan da. Azken egunotan asko sufritu dut; buruari buelta asko ematekoa naiz, eta lehenengo aldian dena ondo aterako ote zen ikararekin nengoen. Eguraldi txarra ematen zuten, baina euririk egin gabe eutsi dio, eta den oso ondo atera da. Lehenengo unetik zaparradak hasi izan balira, pilotuek ezingo zuten ezta buelta bat eman". Giro aldetik ere jendea izan dela nabarmendu du Artolak, eta lehenengo aldia izateko "hamarrekoa" eman dio probari. "Lagun asko izan ditut antolakuntzan laguntzen eta uste dut dena ondo atera dela".

Aurreneko unetik lehen postuan jarri da amezketarra, nahiz eta aurreneko bi itzulietan asko sufritu duen: "Nik uste dut urduritasunak zirela. Bularrean tope moduko bat nuen, baina aurreneko bi itzulietan akats gutxi egin ditut, eta gero lasaitu naiz eta asko disfrutatu dut". Lasterketan parte hartu arte ez duela bere burua faborito bezala hartzen gaineratu du: "Gaur garbi geratu da hard enduroa zer den. Bultzatu gabe inor ez da geratu, eta motoa hausteko ere arrisku asko daude. Beraz, proba bukatu arte zalantza asko egoten dira beti. Denak ondo atera behar du, zorte txarrik ez izan, eta gaurkoan horrela atera da". Euskadiko Enduro Txapelketako lehen proba izan da Amezketakoa; guztira hiru izango dira.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!