Gazteak elkartzeko toki bat baino gehiago izango da

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko api. 12a, 11:59

Amezketako gazte talde bat elkartu da, eta udalaren laguntzarekin elkarte bat sortzen ari dira; herrira begira ekimenak egingo dituzte.

Amezketako gazteek herriko gazteentzat toki bat izatea nahi zuten. Udalarekin harremanetan jarri, eta lanketa bat egin eta gero, eraikina lortu dute. «Gogotsu» daude, eta elkartzeko toki bat izateaz gain, herriari ekarpena egin nahi diote.

Ez da oraingo kontua, eta saiakerarekin hasi zirela jada urte batzuk pasa dira, eta gainera pandemiak bete-betean harrapatu zituen. Hasiera hartan, gazte batzuk elkartu ziren eta udaletxean idatzi bat aurkeztu zuten, gazteentzat leku bat nahi zutela eskatuz.

16 urtetik hasi eta 27 urte arteko gazteak elkartu dira. «Herri txikietan denak batera ibiltzen gara», dio Izarne Otamendi taldeko ordezkariak. Hasierako saiakeran Otamendi bera ez zegoen taldean, gerora sartu da. Udaletxeari aurkeztu zieten idatzian, lekua eskatu bai, baina ordainetan herrira begira zerbait antolatuko zutela zioten: «Urte batzuk baditu kontu honek», zehaztu du. Adin tarte horretako gazteentzat ez zuten lokalik herrian. Hasieran taldean zeuden batzuk, «adinagatik edota motibazio faltagatik» utzi egin dutela taldea esan du amezketarrak.

Iazko urte amaieran hasi ziren berriz ere gazteak elkartu, taldeari forma eman, eta udalarekin harremanetan jartzen. «Berriz hartu zen gaia, eta buelta eman behar geniola ikusi genuen», dio Otamendik. Kuadrilla bat elkartu da, eta udal ordezkariekin harremanetan egon dira, eta adostasunera iritsi dira leku bat izatea lortuz. «Paper kontu batzuk egin ditugu eta beste batzuk bukatzen ari gara», azaldu du Otamendik.

«Horren truk, gure nahia herrira begira gauzak egitea da», azpimarratu du. «Beti esan izan dugu herrian zerbait falta dela. Festak eta beste egun jakin batzuk badira, baina urtean zehar egun asko daude libre eta zerbait egitea gustatuko litzaiguke. Beti izan dugu gogo hori».

Gogotsu dauden gazteak elkartu dira, hogeita hamar inguru. «Herrian mugimendu pixka bat jartzeko gogoa dugu, eta ea nola ateratzen zaigun». Dena den, hasi baino ez dira egin, eta oraindik ez dute esku artean ezer, baina ideia batzuk buruan badituztela aitortu du Otamendik.

Pandemiak gehiago batu ditu herriko gazteak Otamendiren ustez: «Adin ezberdineko jende gehiago egon gara elkarrekin eta denbora gehiagoz. Horrek konfiantza handiagoa sortu du gure artean».

Udalarekin adostasunera iristea «erraza» izan dela argitu du. Onena elkarte bat sortzea zutela esan zieten, eta hori egin dute. Paper kontuetan udalak «erabat» lagundu diela nabarmendu du, eta oraindik ere horretan ari dira. Elkartea sortzeko egin beharreko guztiak oraindik ez dituzte bukatu. «Udaletxeak ere betidanik izan du ideia hori; gazteak elkartu eta herriari begira lan egitearena. Beti lagundu digute, eta ez digute eragozpen handirik jarri».

ERRESPETUA

Elkarte bat sortzeak, ordea, ardurak hartzea ere esan nahi du, eta estatutu batzuk idatzi dituzte eta horiek bete beharko dituzte: «Elkarte guztietan bezala lehendakaria, idazkaria, diruzaina, bozeramailea,... egongo dira, baina talde bat izango gara. Zuzendaritza ez da izango gainetik dagoen zerbait, eta erabakiak taldean hartuko dira».

Betebehar batzuk izango dituzte, eta errespetua aipatu du gazteak: «Errespetuz jokatu beharko da bai barruan gaudenekiko, eta baita inguruan bizi diren jendearekiko ere». Bizilagunak gogoan izan ditu: «Batez ere garrantzia handia ematen diogu inguruko jendearekiko errespetuari, azken batean horientzako ere egitera goaz, eta hasieratik ingurukoekin harreman txarra sortzen badugu, ez goaz inora».

Mediku etxearen ondoan izango dute gazteen bilgune izango den elkartea, eta giltza gutxi batzuek dute oraingoz. Tokia egokitzeko lanetan hasi dira. Haur eskola izan zen hasiera batean. Lehen plazan zuten gaztetxea, baina etxe berriak egiteko bota egin behar izan zuten, eta egun ezer gabe daude.

«Garbitzen hasita gaude, eta behar ez ditugun trasteak ere ateratzen ari gara», kontatu du. «Gure erara jarriko dugu lekua, baina ezin dugu nahi duguna egin udalarena baita eraikina», zehaztu du Otamendik. «Ez dugu udalaren menpe egon nahi, eta gu gure erabakiak hartzen joango gara eta gure ardura izango da lokala gure beharretara egokitzea».

«GOGOA ETA MOTIBAZIOA»

Ekitaldiren bat antolatzekotan direnean ere, beraiek antolatu eta udalari jakinarazi beharko diote: «Alde horretatik ikusten dugu udalak ere askatasun apur bat eman, eta gu mugitzea nahi duela».

Oraindik taldera batu ez diren Amezketako gazteei mezu garbia zabaldu die: «Herri mailan zerbait egiteko prest dagoen, gogoa duen edo motibatuta dagoen inor bada, gurekin harremanetan jarri baino ez du egin behar». Elkartea guztiz irekia dela argi utzi du: «Ez gara inor norbaiti sartzen ez uzteko». Eta gaineratu du: «Udalak utzi digun lokal bat da, eta udalak ere ez luke nahi jendea alde batera uztea».

Era berean, elkartera sartzen diren gazteek garbi izan beharko dute sartzearekin soilik ez duela balio: «Elkartzeko gune bat izango da, baina ezingo da elkartera sartu eta ezer egin gabe egon. Gure intentzioa ez da izugarrizko gazte pila sartu eta lanean bost lagun aritu eta guztiek aprobetxatzea. Hori ez dugu nahi». Guztiek egin eta guztiek gozatzea dute helburu.

Gainera, «polita» iruditzen zaio gauza ezberdinak aurrera atera ahal izateko herriko elkarte ezberdinekin elkarlanean aritzea. Jakitun dira herrian gazteak bakarrik ez direla, eta adin tarte ezberdinak kontuan hartu beharko dituztela.

Kostatu dela proiektua gauzatzea, baina «itxaropentsu» begiratzen dio Otamendik.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!