Pello Zabala gunearen ateak zabaldu dituzte

Leyre Carrasco 2022ko apirilaren 10a

Amezketako ondare kultural eta naturalaren zentroa aurkeztu du udalak goizean, eta hemendik aurrera herritarrek hala ezagutuko dute gunea.

Amezketarrak inguruarekin harreman estuan bizi izan dira betidanik, eta natur eta kultur alorreko ondare aberatsa dute. Hain justu, Ierabizkar errotako eraikina eraberritu ondoren, azken hilabeteetan udala herriko ondare natural eta kulturala bilduko duen zentroa osatzen aritu da lanean.

Iragan martxoaren 20an herriak Pello Zabalari omenaldia egin zion, eta amezketarra oroitzeko eginiko oinezko ibilaldia errotan amaitu zuten. Bada, une horretan eman zuten jakitera Pello Zabala gunea izena hartuko duela aurrerantzean.

Pello Zabala gunean bildu nahi izan dituzte Aralarko parke naturala, Arritzagako bailara glaziarra, Buruntzunzingo mina, Zazpiturri iturburua, argizaiolak, Amezketako folklorea edota Pernando Amezketarrari buruzko informazioa. Gainera, errota martxan ikusteko aukerarekin batera, Talo tailerrak, hitzaldiak, ikastaroak, bisita gidatuak edo Amezketa inguruko ibilbideei buruzko informazioa ere egongo da denen eskura. Amezketako baserritarren produktuak erosteko aukera ere eskaintzen du gune honek. Inaugurazio ekitaldira gerturatu diren herritarrek gune berria ezagutzeaz gain, bertako produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere izan dute, bertsolari eta musikaz lagunduta.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!