Pello Zabala gunea inauguratuko dute, igandean

Tolosaldeko Ataria 2022ko api. 7a, 11:58

Amezketako Udalak inaugurazio ekitaldia egingo du, eta herritarrei Ierabizkar errotan egin dituzten lanak eta lanketa erakutsiko dizkie.

Herriak Pello Zabalari egin zion omenaldiaren egunean eman zuten ezagutzera Pello Zabala gunea izena hartuko duela Ierabizkar errotak eta inguruak. Igandean inauguratuko du Amezketako Udalak eraikina. 12:00etan izango da ekitaldia, eta udalak herritarrak bertaratzea nahi du.

Pello Zabala gunea Amezketako ondare kultural eta naturala bilduko duen zentro bilakatuko dute. «Hor bilduko ditugu Aralarko parke naturalari buruzko informazioa, Zazpi-iturri iturburukoa, Arritzaga bailarako glaziarrarena, Buruntzunzingo minena... Ondare natural aldetik ondo gaude Amezketan», esan du Mikel Arteaga zinegotziak.

Kultura aldetik, esaterako, Amezketako argizaiolak jaso dituzte: «Oso-oso leku gutxitan mantentzen den tradizioa da». Bertsolaritza, Fernando Amezketarra, kirolak... «Herrian daukaguna bildu nahi izan dugu», zehaztu du.

Egunerokotasunean eraikina itxita egongo dela argitu du Arteagak, baina inguruan atsedenlekua prestatu dute mahai eta aulkiekin, eta edozein garaitan erabiltzeko aukera izango da.

Talo tailerrak, argizaiolak ikusteko bisita gidatuak edo bertako produktuekin egingo diren sukaldaritza tailerrak bertan egiteko asmoa du udalak. Errota bera ere martxan ikusteko aukera izango da.



«Igandean irekiko dugu, baina gero hurrengo asteetan igande eguerdietan irekiko dugu herritarrek bisitatu eta ezagutu dezaten», nabarmendu du zinegotziak.

Hortik aurrera, batik bat, turismoari begira erabiliko dute Pello Zabala guneko eraikina. «Amezketako ondarea zabaldu eta ezagutzera eman nahi dugu, eta bertako baserritarren produktuak ere erosteko moduan jarriko ditugu», dio. Baina, erabilera ezberdinei begira, herritarren eskaerak ere jasotzen ari direla udalean kontatu du, eta aztertu egingo dituztela: «Herritarrentzat ere erabiltzeko leku bat izatea nahiko genuke».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!