Zilarrezko domina eskuratu du Inko Oruesagasti ile-apaintzaileak

Ataria 2022ko apirilaren 5a

Inko Oruesagasti, 2022, zila 1 1649149750086
Inko Oruesagasti, 2022, zila 2 1649149750680
Inko Oruesagasti, 2022, zila 3 1649149750893
Inko Oruesagasti, 2022, zila 4 1649149751134
Inko Oruesagasti, 2022, zila 5 1649149751303
Inko Oruesagasti, 2022, zila 6 1649149751562

Spainskills Txapelketako ile-apaintzaileen sailean zilarrezko domina eskuratu du Inko Oruesagasti amezketarrak. "Oso pozik" dago lortutako emaitzarekin.

Guztira bost egun pasa zituen Inko Oruesagastik Madrilen, IFEMAn jokatu zen Spainskills Ile-apaintzaileen Txapelketan. Hiru egunetan egindako sei probak gaindituta, podiumeko bigarren koskara igo eta zilarrezko domina lepoan duela itzuli zen Amezketara.

Lehen egunean inaugurazio ekitaldia izan zuten, eta hiru egunetan jokatu zen txapelketa. Sei proba egin behar izan zituzten. "Gogorra" izan zela lehia kontatu du, baina aldi berean, "hunkigarria". "Emozio asko biltzen ziren, nekea, presioa, urduritasuna, eta baita poza ere bertan egoteagatik", esan du Oruesagastik.  

Euskal Autonomia Erkidegoko txapelketa irabazi eta gero, Ile-apaintzaileen moduluaren txapelketan hartu zuen parte. Espainiar estatuko komunitateetako ordezkarien aurka lehiatu behar izan zuen. Irabazlea andaluziarra izan zen, eta hirugarren postuan Ceutako ordezkaria izan zuen aldamenean. Egun bakoitzean epaimahai ezberdina izan zuten. 

Sei probatatik batean huts egin zuela esan du Oruesagastik: "Blokatu egin nintzen eta ez zitzaidan ondo atera". Hori horrela, podiumera igotzeko aukerak ez zituela izango pentsatu zuen, baina aukeraren bat eduki zezakeen: "Beste probetan nahiko ondo ibili nintzen eta ondo atera zitzaizkidan. Ez emaitzak bakarrik, baita lan egiteko moduan ere ondo aritu nintzen, baina ez nuen espero". 

Bigarren egunean egin zuen huts Oruesagastik, eta hirugarren egunean "oso ondo" aritu zela azpimarratu du, eta horrekin "oso pozik" geratu zela aitortu du. Domina jasotzeak areagotu egin zion poztasuna. 

Azarotik eguneroko lana izan du txapelketa prestatzen. "Klase asko bideratu ditugu prestaketara, eta arratsalde askotan geratzen nintzen prestatzen, eta lan guzti horren errekonozimendua izan da". Bigarren postua lortuta ikastaro bat egiteko aukera lortu du, eta "oso gustura" dago. 

Ile-apaintzaileen erdi mailako ikasketetako bigarren urtean dago, eta une honetan Tolosako ile-apaindegi batean ari da praktikak egiten. Praktikak hilaren amaieran bukatuko ditu, eta maiatzean Erasmus egitera Bolognara (Italia) joango da. Hurrengo ikasturtean, goi mailako Ile-apainketako estilismoa eta zuzendaritza ikasketak egin nahi ditu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!