Altuna III _ Binakako Finala 2022

Altunak hiru txapel nagusiak lortu ditu

Ataria 2022ko api. 3a, 20:43

Martija eta Altuna, txapelarekin.

Binakako Pilota Txapelketako finala gorabeheratsua izan da, eta baita emozio handikoa ere. Bai markagailua nola joan den ikusita, baita pilotariek sufritu dutenarengatik. Azkenean Altuna III.ak eta Martijak 22-20 irabazi diote Laso eta Imazi, eta amezketarrak jantzi du falta zitzaion txapela.

Historia egiten ari da Altuna III.a. Buruz burukoa bi aldiz jantzi du eta hiru aldiz lau eta erdikoa. Binakako txapela falta zitzaion, eta gaur lortu du. 26 urte egin berritan bere seigarren txapela jantzi du amezketarrak eta hiru txapel nagusiak jantzi duen zortzigarren pilotaria bihurtu da. Aurretik Retegi II.a, Arretxe, Olaizola II.a, Irujo, Barriola, Bengoetxea VI.a eta Urrutikoetxea izan dira lorpen hori erdietsi dutenak. Altunak berak, finala irabazi eta gero, harmailetara begiratu du eta hiru behatzekin keinua eginez hiru txapel nagusiak ekarriz gogora. Bere aldetik, Martijak bigarrena jantzi du, biak binakakoan.

 

Gorabeherak izan ditu markagailuak. Gorriak 2-0 aurreratu dira, baina hurrengo tarte nagusia urdinek ireki dute, 3-7 jarriz. Bi atzelariak ondo ari ziren, maila txukuna emanez, baina Laso Altuna baino finago zegoen, eta amezketarrak huts batzuk egin ditu. Gorriek, ordea, ez diete alde egiten utzi eta 8-7 jarri dira aurretik. Partida gogorra izango zela ikusten zen, eta lehen atsedenaldira 10-12 iritsi dira urdinak aurretik.

 

Bigarren zatia izan da partida guztiz markatu duena. Urdinak agintzen hasi dira, Lasok mina egiten zuen pilotarekin eta errematean asmatzen ari zen. Gorriek ezin zuten agintzen jarri, eta Altuna ez zen jokoan sartzen. Ez da ikusi Altunaren bertsio onena gaurkoan, eta ematen zuen urdinek finala kontrolpean zutela, 11-17 jarriz, eta sentsazio oso onak erakutsiz. Baina hortxe etorri da buelta. Altuna pixka bat gehiago sartu da jokoan, eta urdinen hutsak etorri dira. Lau jarraian egin dituzte eta gero etorri dira Altunaren bi tanto: berdinketa markagailuan, eta dena erabakitzeko. Gorriek konfiantzarekin jarraitu dute eta beste bi tanto egin ditu Altunak: 19-17.

 

Hurrengo tantoa izan da finaleko dramatikoena. Urdinak agintzen ari ziren, eta Martija lurrera bota da pilota bat bueltatzeko, eta bikiak igo zaizkio. Gainera, Altunak zabalean eraman du Lasoren errematea, eta hurrengoan Lasok huts egin du. Martija txapa azpian geratu da kexu keinuak eginez; belaunean mina hartu zuela zirudien eta finala bukatu zela gorrientzat. Baina, altxatu da azkenean, eta bikietako kontua zela ikusita, aldageletara joan da Martija. Urdinak ere ez zeuden oso ondo. Laso  luzaketak egiten, eta Imaz ere aldageletara joan da. Partida osoan bizitutako tentsioa nabaritzen ari ziren pilotariak.

 

Tanto berezi horren ondoren, Lasok txapara bota du, eta 21-17 jarri dira gorriak aurretik. Martijak eusten zion, eta urdinak ez zeuden fisikoki oso ondo. Bazirudien berehala bukatuko zela partida, Altunaren erremateren batekin, baina urdinek egin dituzte beste bi tanto eta 21-20 jarri da markagailua. Azken tantoa gorrien alde erori da, eta zoramena iritsi da Altuna eta Martijarentzat.

 

Altunak ez ditu hainbeste tanto egin finalean, zazpi besterik ez, eta sei galdu ditu. Lasok, berriz, hamaika egin eta bederatzi galdu ditu. Atzelarietan, Imazek sei galdu ditu eta Martijak hiru besterik ez. Gorrien aldetik Martijak eutsi dio finalari eta Altunak bere ekarpena egin du azken zatian jokoan gehiago sartuz. Urdinek, berriz, ez dute aprobetxatu lortu duten abantaila eta bere huts batzuk tarteko, ihes egin die finalak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!