'Doneaneko alaba' liburuarekin, Igerabide, Amezketan

Ataria 2022ko mar. 25a, 15:15

Juan Kruz Igerabide idazle adunarra Amezketako Irakurle Taldean izan berri da. Maiatzerako irakurri beharreko liburua Alaine Agirreren Karena izango dute.

Amezketako Irakurle Taldeak aurtengo hirugarren saioa izan berri du, eta Juan Kruz Igerabide adunarraren Doneaneko alaba liburuaz aritu ziren tertulian.

Hilean behin elkartzen dira amezketarrak irakurle taldean, eta saio bakoitzean idazlea ekartzen ahalegintzen dira. 2022ko hirugarren saiorako eskualdeko idazle baten liburua aukeratu dute, Juan Kruz Igerabide adunarraren Doneaneko alaba, hain zuzen. Amezketarrek aspalditik zeukatela Igerabideren liburu bat berarekin lantzeko gogoa adierazi dute, eta oraintxe izan dute aukera.

Liburua Aiztondo aldeko fikziozko herri batean dago kokatua; eta Gerra Zibiletik mende honen hasiera bitarteko pasadizoak istorio mitologikoekin uztartzen ditu. Liburua aitzakia hartuta, lokalaren eta unibertsalaren artean gogoetatzen aritu ziren amezketarrak eta adunarra: "Nobelan bertan ere protagonistaren pasadizoak eta mitologikoa uztartzen dira, hain zuzen, horixe bera azaltzeko: duela milaka urte eman zirela gaur egungo gizakiaren joerei, emozioei eta gertaerei buruzko azalpenak; oraingoa eta hemengoa dena, unibertsala izan aldi berean".

Horrez gain, aipagai izan zuten, baita ere, gizakiak sarritan sentitzen duela emozioak ezkutatu beharra eta sentsibilitatea ezkutatu beharra, arrakasta lortzeko eta ezarria duen rolean jarraitu ahal izateko. Askorako eman zuela saioak kontatu dute, eta ordu eta erdi luzez jardun zirela. Noski, jan-edana lagun izan zuten.

Hurrengoa, 'Karena'
Apirileko atsedenaren ostean, maiatzaren 3an, asteartez, elkartuko da berriz ere Amezketako Irakurle Taldea. Irakurri beharreko liburua zehaztua dute, Alaine Agirre idazlearen Karena. 19:00etan, Amezketako Kultur Etxeko lehen solairuan izango da, eta saio horretan ere idazlearen bisita izango dutela aurreratu dute amezketarrek.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!