Azken agurra eman diote Pello Zabalari

Leyre Carrasco 2022ko martxoaren 20a

Familia eta lagunekin batera agurtu dute azkenekoz amezketarra, eta bere pasio ziren musika, kultura eta natura uztartuz egin diote oinezko omenaldia Amezketan.

"Musika, kultura, eta natura". Modu horretan deskribatu du Pello Zabala, omenaldian zehar gidari lanetan aritu den Iker Galartza herritar artistak. "Amezketar oso maitatua zen. Herri guztia oso harro gaude Pello bezalako pertsona bat hemen jaio, eta Euskal Herri osora begira, urte luzez hainbeste gauza egin dituen seme bat izateagatik", gehitu du. Zabala duela hilabete hil zen, eta Amezketako Udalak familia, lagun eta herritarrekin batera azken agurra eman nahi izan dio gaurko egunean bere jaioterrian.

Horretarako, oinezko omenaldia antolatu dute. Eskolako jolastokian eman diote hasiera 12:00etan, Pello Zabalaren eta bere ama zenaren jaiotetxea den Errementain etxearen aurrean, hain zuzen ere. Horren ostean, Zabalaren aitaren jaiotetxea den Jakuetxetik pasa dira, eta errota zaharrean amaitu dute omenaldia. Ibilbidean zehar, bertsoak, dantza, musika eta hainbat kontaketa egin dituzte bere senide eta lagunek. Errotan, gainera, bere familiak zuhaixka landatu du bere omenez.

Pello Zabala gunea

Amezketako ondare kultural eta naturalaren zentroa aurkeztu du udalak omenaldian zehar. Hain zuzen, omendu duten Pello Zabalaren izena izango du hemendik aurrera errota zaharreko eraikinak. Bertan, Aralarko Parke Naturalaren, Arritzaga bailara glaziarraren eta Zazpi iturri iturburu inguruko informazioa bilduko dute. Amezketako argizaiolak edota Errota martxan ikusteko aukera ere izango da, baita talo tailerrak egiteko aukera ere. Horrez gain, bertako baserritarren produktuak erosi ahal izango dira. Pello Zabala gunearen inaugurazio ekitaldia apirilaren 10ean, igandean, izango da.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!