Ur zikinen sarearen eta bidegorriaren obrek baldintzatuko dute urtea

Eneritz Maiz Etxarri 2022ko mar. 17a, 11:58

Amezketako Udalak 2.096.457 euroko aurrekontua izango du aurten; %52 azpiegitura berriak sortu edo daudenak hobetzeko erabiliko dute.

2.096.457 euroko aurrekontua onartu du Amezketako Udalak, eta horietatik, 1.099.200 euro, hau da, guztiaren %52 azpiegitura berriak sortzeko edo daudenak hobetzeko erabiliko dute. Zehazki, bidegorri berriaren hasierako lanetara eta ur zikinen sareko lanak egitera bideratuko dute. Otsailaren 3an egindako ezohiko bilkuran aho batez onartu zuten aurrekontua.

2021eko aurrekontuarekin alderatuz gero, aurtengoa %54 handiagoa da. Aurrekontu handia izatearen arrazoia, «egitasmo handiak» aurreikusten direla da; «ekonomikoki jasota egon behar dira aurrekontuan, ur zikinen sarea eta bidegorriarena bereziki». Udal aurrekontuan izan den inoizko kopururik handiena dela azaldu dute. Hala ere, zenbait egitasmoren zehaztapenak aldatu daitezkeela adierazi dute udaletik, urtea aurrera joan ahala, beste administrazioen erritmoek eragin dezaketelako.

Diru sarrerei dagokionean, %35 inguru Gipuzkoako Foru Aldundiko Udal Finantziaziorako Fondotik jasoko dute; %23 inguru, beste administrazio publikoetako diru laguntzetatik; %21 udal zerga eta tasetatik; eta azkenik, udaletik zehaztu dute gastuen atala orekatu ahal izateko 2022ko aurrekontuan mailegu operazio bat aurreikusi dutela, sarreren %17koa. Esan behar da, gaur-gaurkoz Amezketako Udalak ez duela zorrik.

Gastuen atalean sartuta, %22 udal langileen ordainsariei dagokie; ia %20 ondasun eta zerbitzuei (argindarra, gasa, ura, kontratu desberdinak, udal eraikinen mantenu gastuak, informatika,...); %5 pasatxo diru transferentzia edo diru laguntzak dira; eta azkenik, inbertsioetara bideratu den %52 dago.

Amezketako Udaleko 2022ko aurrekontuak hiru helburu edo ildo nagusi dituela zehaztu dute. Lehena, herriko azpiegiturak hobetzen jarraitzea izango dute; «baina oraingoan Amezketan azken urteotan izan den asmo handi eta erronka garrantzitsuenari ekingo zaio». Ur zikinen sarea eta bidegorria, herriarentzat «estrategikoak» diren bi azpiegitura direla azpimarratu dute. Aldundiak jakinarazitakoaren arabera, bidegorriaren eta ur zikinen sarearen lanak udazkenean hastea aurreikusten dute. Bidegorria egiteko 380.000 euro aurreikusi dituzte, eta ur zikinen sarerako 320.000 euro. Ur zikinen kolektore nagusiak egiten dituzten heinean, horiek etxebizitzekin lotzeko lanak egitea udalaren eskumen eta ardura izango da.

ZERBITZUEN KALITATEA

Beste azpiegiturei dagokienean, herriko jolastokiak estaltzeko eta kirol instalakuntza berri bat sortzeko asmoa dutela aurreratu dute. Zehazki, rokodromo bat egin nahi dute, eta horretarako 90.000 mila euro bideratu dituzte. Bestalde, Ugarte auzoan eremu bat egokitu nahi dute —oraindik zehaztu gabe dagoena—, aparkaleku bat jartzeko, eta 20.000 euro aurreikusi dituzte.

Bigarren helburu moduan dute herritarrei eskaintzen dizkieten hainbat zerbitzuren kalitatea mantentzea. Udalaren eskumena diren hondakin bilketa, Gaztelekua edo Jubilatuen Txokoa zerbitzuak aurrera eraman nahi dituzte, eta zerbitzu horiek bermatuko dituzte udal eraikinen mantenuaren bitartez edo ekimenak antolatuz.

Beste zenbait udal zerbitzuren kostuen aurreikuspenak ezagutzera eman ditu udalak: helduentzako etxez etxeko laguntza zerbitzuak 14.000 euroko kostua du, eta Jubilatuen Txokoan ematen denak eta aisialdirako egiten diren hainbat ekimenen kostua 18.000 eurokoa da; Gaztelekua, gazteria eta udako ludotekaren zerbitzuek, aldiz, 50.000 euroko kostua dute; urtean zehar antolatzen dituzten festa eta ekitaldi kultural guztientzako 42.000 euro bideratuko dituzte. Euskararen erabilera bultzatzen jarraitzen du Amezketako Udalak, eta ekimen eta diru laguntza ezberdinetarako 20.000 euro jarri dituzte.

Hirugarren ildo nagusia, landa eta natur eremuko baserri bide eta bestelako azpiegitura txikiei beharrezko mantenua egitean eta hobekuntzak egiten jarraitzean jarri dute, 197.000 euro inbertituz. Baserri bideen konponketarako, 100.000 euro (luiziek sortutako kalteak ahal den neurrian gutxitzeko); Goilarre programa, 10.000 euro; basogintzaren kudeaketarako 10.000 euro eta Zazpiturriko natur gunerako, 77.000 euro.

Bukatzeko, eta aurrekontuan islatuta egon ez arren, aldunditik iritsiko den ekimenaren berri eman nahi izan dute. Amezketan ere komunitate energetikoak eratzearen ekimena izango da. Energia berriztagarrien aldeko apustu garrantzitsua egin nahi du udalak, eta udal eraikinen eta Zumadi Eskolaren teilatuak erabili nahi dira eguzki plakak jartzeko. Bide batez, sortzen den energiaren zati bat aipatu komunitate energetiko horietan parte hartu nahi dutenen artean banatuko dute. Hurrengo hilabeteetan espero dute horren gaineko berri gehiago eman ahal izatea.

Amezketako Udaleko arduradunek «kudeaketa gardena» dutela-eta, herritarrei behar dituzten azalpen guztiak emateko prest daudela esan dute.

2022ko Aurrekontua

Inbertsioak                       Kopurua

Bidegorria                                380.000
Ur zikinen sarea                     320.000
Kirol instalakuntza                  90.000
Ugarte auzoa                            20.000
Etxez etxeko laguntza             14.000
Jubilatuen Txokoa                   18.000
Gazteak eta Gaztelekua          50.000
Kultura eta Festak                   42.000
Euskara                                     20.000
Landa eta natur eremuak     197.000

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!