Bertol Arrietaren bisita izan dute Amezketako Irakurle Taldean

Ataria 2022ko martxoaren 3a

Amezketako irakurzaleek idazle zarauztarraren Gezurra Berdaderoa liburua irakurri dute, eta "giro sanoan" elkarbanatu zituzten beren iritziak.

Amezketako Irakurle Taldearen aurtengo bigarren liburua Bertol Arrietaren Gezurra Berdaderoa izan dute, eta tertuliara joan zirenek liburuari buruzko iritzi trukaketa egiteko aukera izan zuten Bertol Arrieta idazlea bertan zela.
 
Ordubete pasatxoko tertulia "giro onean eta jatorrean joan da", adierazi dute irakurle taldetik, hain zuzen, "liburuaren edukiek eta idazlearen izaerak izan dute zerikusia horretan; baita, noski, sabela betetzeko aukera izateak ere". Idazleari egin zioten lehen galdera bere literaturzaletasunaren gainekoa izan zen, eta behin liburuaren gaian sartuta eta idazlearekiko harremana ona izaki, "irakurleek ez dute erreparorik izan beraiek jakin nahi zuten hori galdetzeko, zein iritzia emateko". Nola idazlea, hala irakurleak, "gustura" atera ziren tertuliatik.
 
Hurrengorako irakurri beharreko liburua, Juan Kruz Igerabideren Doneaneko Alaba izango dute, eta hilaren 22an elkartuko dira, asteartean, 19:00etan, Amezketako Kultur Etxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!