Halere, beste gauza guztien gainetik jendearen babesa azpimarratu nahi dut: «Gaizki zaudenean ikusten da zein dagoen zure ondoan», esan izan ohi da. Zorionez, jende mordoxka gerturatu zait, eta bakoitzak bere moduan adierazi dit babesa; artikulu hau aprobetxatuz, bihoazkie eskerrik beroenak maitasun keinu guzti-guztiei!
«Gizakia da gauza guztien neurria», esan omen zuen behin Protagorasek, eta babesa adierazi didan bakoitzak ere bere modura adierazi dit babesa: batzuk nire emozioetan jarri dute arreta; beste batzuk, berriz, gaixotasunaren nolakoaz galdetu didate; hirugarrenek, ostera, tronbosia zerk eragin ote didan jakin nahi izan dute; hurrena, azken aldian horrelako kasu asko gertatzen ari direla eta txertorik hartu ote dudan galdetu didate; izan da haien familiako tronbosi kasuen berri eman didanik ere; baita erremedio naturalen onurez informatu nauenik ere; eta ez dira falta izan «eutsi, laster gaituk-eta berriro Aralarko gailurretan» moduko esaldiak. «Zenbat buru hainbat aburu» esango zukeen norbaitek; bada, aburu guztiak eskertu ditut, nahiz eta ez denek bat egin nirearekin.
Eta orduan honako etorri zait burura: «Egiazki, norbaitek aholku bat ematen duenean zergatik ematen du: beste pertsonari laguntzeko, edo norbere obsesioak indartzeko?».
Egiazki, norbaitek aholku bat ematen duenean zergatik ematen du: beste pertsonari laguntzeko, edo norbere obsesioak indartzeko?
Galdera hori sentitu orduko etorri zaizkit burura nik emandako milaka aholku, baita ni jendearengana gerturatu ohi naizeneko irudiak ere. Eta nik emandako aholkuak zergatik eman izan ditudan pentsatzen jarrita, batek jakin hartzailearentzako onuragarriak izan ote diren nik hautatuko hitzak, nik egindako azpimarrak, nik aldatutako elkarrizketa-gaiak, jarritako marra gorriak… segituan etorri zait burura etorkinekin zenbat aldiz atera dudan hizkuntzaren gaia, eta ea herrian integratuta sentitzen ote diren; baita inor gainpresioa sentitzen ari dela uste dudanetan «zer modu hago?» esanaz eman ohi ditudan besarkadak ere; eta nola ez, nire esaldi izarra: «Sentitzen duzunagatik ez gaizki sentitu» esandako dozenaka aldi.
Eta bai! Ziurtatu dut jasotako maitasun keinuak partikularrak izan direla, eta asko haien artean kontraesankorrak; baina guztiek balio dute zauria sendatzeko! Zuen aholku gehienei entzungor egingo diet, baina ez pentsa hargatik baloratu ez ditudanik, eskertu ez ditudanik. Bakoitzak dauka bere modua, baina adieraz dezakegun elkartasuna ez bedi azaldu gabe geratu «asmatuko ez duzun»aren beldurrez!
Eta orain, jarri zaitez pentsatzen nik zergatik ematen dizudan aholku hori.