Amezketako irakurle taldeak hasiera emango dio 2022ko jardunari

Ataria 2022ko urt. 7a, 11:57

Uxue Alberdi idazlea, Amezketako Irakurle Taldeak iaz egindako saio batean.

Oihana Iguaranen 'Hormak' liburuari buruz ariko dira urteko lehen saioan; urtarrilaren 25ean izango da, 19:00etan, eta amasarraren bisita jasoko dute.

Duela hamahiru bat urte sortu zen Amezketako Irakurle Taldea, eta urte berriarekin batera, iritsi zaio urteroko dinamikari ekiteko garaia. Azken bi urteetan, pandemiak lanak zaildu dizkie, eta galtzak bete lan izan dituzte aurreikusitako egutegia betetzeko; hala ere, 2022an, pandemia aurreko dinamikara itzultzea dute helburu.

Urtarriletik ekainera bitarte, bospasei liburu irakurtzeko asmoa dute, hilean bat; behin liburua irakurrita, liburuari buruzko iritzi-trukea egingo dute. Amezketako Udalak eta Euskal Idazleen Elkarteak hitzarmen bat daukate sinatuta, eta hitzarmen horri esker, idazleen bisitak jasotzen dituzte amezketarrek. "Bisita horietan, idazlearen sortze prozesua ezagutzeko aukera izan ohi dute, idazlearen asmoak ezagutzen dituzte, eta irakurleek haien inpresioen berri ematen dute; guztia oso giro atseginean eta modu informalean", adierazi dute.

Amezketako Irakurle Taldean parte hartzen dutenek esan dutenez, taldean parte hartzeko ez dago irakurle sutsua izan beharrik; ezta urte osorako konpromisoa hartu beharrik ere. Gaur egun tertulietara bertaratzen diren asko ere probatzeko asmoarekin hasi ziren, eta taldeko giro atseginari esker, urteak daramatzate parte hartzen. Horrez gain, zenbait partaidek aitortu dute ohituago daudela gazteleraz irakurtzera, eta irakurle taldeko dinamikari esker, urtean euskarazko liburu batzuk ere irakurtzen dituztela. "Gehiago kostata agian, baina amaitutakoan beste irakurle batzuekin liburuaz hitz egin ahal izatea, nagiak kentzeko aski motibazio izaten da".

Oihana Iguaranen Hormak eleberria izango da aurten irakurtzeko lehen liburua, eta urtarrilaren 25ean egingo dute iritzi-trukea, 19:00etan hasita; amasarra bera ere bertan izango da. Oraindik badago denbora liburua eskuratzeko eta irakurtzeko; beraz, nahi duenari lasai bertaratzeko gonbita luzatu nahi diote irakurle taldetik. 

Adituek gazte-literaturan kokatzen badute ere, helduek ere gustura irakurtzeko moduko liburua da. "Irakurterraza da, eta egokia izan daiteke taldera lehen aldiz gerturatu nahi duenarentzat", adierazi dute. Oraindik zehaztu gabe dute otsaileko saiorako irakurri beharreko liburua, baina urtarrilaren 25eko saioan jakinaraziko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!