Larrondoko larreetara ganadua eraman nahi duenak izena eman behar du

Ataria 2021ko abe. 8a, 11:00

Amezketako Udalak ostiralean irekiko du Larrondoko larreetara ganadua eraman nahi dutenek izena emateko epea. Izena udaletxean eman beharko da, eta azken eguna hilaren 30a, osteguna, izango da. Nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, izena orain ematea derrigorrezkoa dela ohartarazi dute.

Amezketako Udalak, urtero moduan, Larrondoko larreetara ganadua igotzeko aukera eskainiko die herritarrei. Hori bai, ganadua eraman ahal izateko, urtea bukatu baino lehen izena eman beharko dute udaletxean. Hilaren 10ean irekiko dute izena emateko epea, eta hilaren 30a izango da azken eguna.

Behiak, ahuntzak eta ardiak 2022ko maiatzaren 1etik 2023ko martxoaren 31ra bitartean larreratuko dira. Behorrak eta zaldiak larreratzeko epea, berriz, 2022ko urriaren 12an irekiko dute, eta 2023ko martxoaren 31n amaituko da.

Aldez aurretik aipatu bezala, interesatuek abenduaren 30a baino lehen eman beharko dute izena, foru aldundiak horrela eskatzen duelako. Larreratzeko eskaeren jakinarazpenak abenduaren 31 baino lehen egin behar dira, eskatzaileek diru laguntza jasotzeko eskubidea galdu nahi ez badute behintzat. Eta izena ematearekin batera ordaindu egin beharko dute igo beharreko animalia kopuruaren arabera; hau da, ardi eta ahuntz bakoitzeko euro bat, eta behi edo behorren kasuan, buruko 10 euro.

"Nahiz eta ganadua udazkenean larreratu, udaletxean izena orain eman behar da", azpimarratu dute udaletik, eta "neurri honi jarraipen zehatza egingo zaio, eta agindu hau betetzen ez bada Amezketako Udalak behar diren neurriak hartuko ditu", jakinarazi dute.

Bukatzeko, Amezketako Udalak ohartarazi du, abereek derrigorrezko osasun baldintzak bete beharko dituztela Larrondora joan ahal izateko. Horrez gain, Larrondora ezin dela ganadurik eraman Enirio-Aralarko larreetara igo aurretik, eta Enirio-Aralarko larreetara zuzenenean eraman beharko dituztela. Eta azkenik, ganaduzaleei landatuta dagoen landare gaztea eta itxiturak errespetatzeko eskatu diete, landareengan kalterik sortu ez dadin.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!