ELKARRIZKETA

«Jendea animatu nahi dut adinekoen istorioak jasotzera»

Erabiltzailearen aurpegia Joxemi Saizar 2021ko abe. 1a, 07:58

Koldo Alijostes amezketarrak bere familian jasotako testigantzekin osatu du 'Bizitzak' liburua; «kontaketa honen guztiaren ardatza gure aita eta amaren bizitza da, beraiek dira protagonista nagusi», esan du

Koldo Alijostes Bordagarai (Amezketa, 1962) irakaslea da eta asko daki euskal mitologiari buruz; liburu bat idatzi du eta webgune bat ere badu (Amaroa.eus). Duela hilabete batzuk bere familian jasotako testigantzekin Bizitzak izeneko lana argitaratu du.

Berriki bere jaioterrian aurkeztu zuen eta gaur bere aitaren herrian, Ibarran, aurkeztuko du, kultur etxean 19:00etan. Familiako pasarte horien bidez, Euskal Herriko historiaren puzzleko zati esanguratsu batzuk ere islatu ditu bere ikuspegitik, gehienbat Tolosaldean kokatuta.

Nola eman duzu sukaldean entzundako istorioak liburuan jartzeko pausoa?

Aita kontalari ona nuen eta pena ematen zidan bere kontakizunak galtzeak. Hori dela eta, amari eta berari istorio horiek grabatu nizkien eta gurasoen urrezko ezteietarako liburuxka batean bildu nituen, opari gisa. Hiru ale egin nituen: gurasoentzat, anaiarentzat eta niretzat. Unean bertan baino, hurrengo belaunaldiei begira egin nuen. Asun Garikano lagun tolosarrari utzi nion bere aitari erakutsi eta nire aita ezagutzen ote zuen galdetzeko. Baina berak eta senarrak (Bernardo Atxaga idazlea) irakurri, gustatu eta liburua idaztera animatu eta lagundu ninduten.

Horrek lan gehigarria emango zizun.

Bai, Asunek esan zidan: «Idazleak lan egin behar du irakurleak lanik ez egiteko, alegia, erraz ulertzeko». Nik gurasoek irakur zezaten idatzi nuen, irakurterraza izaten saiatu naiz. Interesik ez zuten gauza batzuk kendu ditut eta dokumentazioa erantsi dut.

Zein pertsonatan idatzi duzu?

Hiru plano desberdin daude liburuan. Alde batetik, gurasoen testigantzak lehen pertsonan idatzi ditut, bizitasun eta indarra mantentzeko. Ondoren, dokumentazio lana egin nuen liburua osatu ahal izateko, datuak eta abar. Eta hori hirugarren pertsonan idatzi dut. Azkenik, garai haietako nire inpresioak ere jaso ditut liburuan, ume baten begietatik begiratuta. Eta horiek ere lehen pertsonan idatzi ditut.

Familia barruko kontakizunak direla aipatzen duzu. Baina liburuari beste dimentsio bat ematen dioten istorioak ere badira. Txabi Etxebarrietaren heriotza, besteak beste.

Bai, etxean beti entzundako zerbait zen, osaba bertan zegoelako gertatu zenean, baina gero konturatu naiz Euskal Herriko historian une garrantzitsua dela, ETAk hildako lehen guardia zibila eta Guardia Zibilak hildako lehen etakidea direlako protagonistak. Gainera bertsio desberdina da, orain arte entzundakoekin konparatuta. Hori tartean ez balitz zalantza egiten dut liburua argitaratuko ote zen.

Beraz, historia familiarretik euskal historiara pasatu zara.

Bai, familia abertzalea dut eta gure historiaren gertaera garrantzitsuak bizitzea egokitu zitzaien guraso eta osaba-izebei: gerra, kartzela, langile batailoiak, Francoren kontrako borroka, atxiloketak, erbestea, ikastolen sorrera…

Gurasoen aurreko belaunaldira atzerapausoa eginez, baserriko bizimodua eta kalerako pausoa azaltzen duzu liburuan.

Bizimodu gogorra benetan: eskolatu gabe, maiorazgoa, emaztea hil eta haren ahizparekin ezkondu, bi aldiz alargundu, kaxako umeak hartu, baserria galdu, morroiak, baserria utzi eta lantegietarako pausoa…

Belaunaldi berrientzat harrigarria izango da.

Iruditzen zait belaunaldien arteko transmisio hori gaizki ari garela egiten. Horretarako balio izatea espero dut. Eta jende guztia animatu nahi dut bere inguruko adinekoen istorioak entzun eta jasotzera. Ez liburu bat egiteko helburuarekin, garai bateko bizimodu eta testigantza horiek jasota geldi daitezen baizik.

Geografia ere oso gertukoa da: Ibarra, Amezketa, Tolosa…

Bai, dena hemen inguruan gertatzen da. Hemengo jendearentzat eta batez ere, nire adin ingurukoentzat, oso gauza ezagunak eta gertukoak izango dira, baina Bizkaian ere esan didate aipatzen den garaian antzeko gauzak gertatu zirela hango herri txikietan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!