Jai giroan azoka eguna izango dute igandean, Amezketan

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 17a, 11:59
Duela bi urte egin zen azokako irudi bat.

Amezketako Ferie antolatu du Amezketako Udalak iganderako; 10:00etatik 14:00etara Larrunarri frontoia bete postu izango da, eta animaliak plazan kokatuko dituzte.

Beste herrietan egiten ari direla eta, Amezketako Udalak azoka eguna antolatu du iganderako. Iazko hutsunearen ostean, Amezketako Ferie egingo da, eta Larrunarri frontoia postuz beteko dute. Plaza, berriz, animalientzat izango da.

Jendea «gogoarekin» dagoela esan du Iñaki Arandia zinegotziak. 10:00etan zabalduko dituzte ateak, eta 14:00ak bitartean izango da postuz postu ibiltzeko aukera. «Herritarrei ikaragarri gustatzen zaie azoka», dio zinegotziak, eta «herrian denetarik dugu», gaineratu du.

Egur taila, baratzeko produktuak, ardiari lotutako produktuak, txerrikiak, eztia, ogiak eta gozoak,... «Artista pila bat ditugu, eta urtean zehar egindakoa erakusteko gogoz izaten dira», azaldu du Arandiak. Esaterako, josteko tailerrean ari direnek ikasturtean zehar egindakoak jarriko dituzte ikusgai. Eta herritik kanpoko postuak izango dira, eta tartean, esku piloten postua izango da.

Herriko haurrak ere «gogotsu» egoten dira, eta beraien postua jartzen dute. «Aurten, gainera, herriko gaztetxoek bigarren eskuko gauzen postu bat jartzeko eskaera egin dute. Etxean soberan dituzten gauzak jarri nahi dituztela salgai adierazi dute». Azoka izanik, ikusteaz gain, postua jartzen duten gehienek saltzeko nahia izaten dute, eta zinegotziaren esanetan jendeak erosketak egiteko aprobetxatzen du: «Herriko produktuak direla jendeak badaki, eta beti izaten dira kapritxoren bat edota poltsa edo bitxiren bat erosteko asmoz joaten direnak».

JATEKOA ERE BAI

Goiz pasa egin nahi duenak hamaiketakoa egiteko aukera ere izango du. «Beti izaten da jatekoa, talo, odolki edo pintxo batzuekin». Guraso elkarteak eta DBHko ikasleek ikas bidaiarako dirua lortzeko baliatzen dute azokako postua.

Arantxa Garaiburu da postua jarriko duenetako bat. Jaiotzez amezketarra izan ez arren, egun, bertan bizi da eta Idiazabal gazta ekoizten du. «Gustura» jartzen du postua Amezketako azokan. Amezketarrak ezagutzeko balio diola kontatu du, eta baita bere gaztak ezagutarazteko ere. Ondo saltzen duela adierazi du; «herrikoak bakarrik ez, inguruko herrietako jendea ere etortzen da, eta ondo saltzen da». Goiz ederra pasatzeko aitzakia dela dio, eta jendeari «poltsa handi batekin» azokara gerturatzeko deia luzatu dio, «nire postuan bakarrik ez, ondokoetan ere erosketak egin ditzaten».

Bestalde, Amezketa Kantarik azoka eguna baliatuko du kantura bueltatzeko. Isilaldiaren ostean, igandean, 12:00etarako, eztarriak berotuta izango dituzte eta kantuz beteko dute pilotalekua. Koronabirusa dela eta, sartzeko beharrezkoa izango da eskuak garbitzea eta maskara erabiltzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!