Jokin Altunak hirugarrenez irabazi du Lau eta Erdiko Txapelketa. Igandean, Unai Lasori 22-20 gailendu zitzaion, partida gogor eta emozioz beterikoan. Bost txapel ditu guztira amezketarrak, beste biak buruz buru lortutakoak. Txapela jantzi eta biharamunean, prentsa agerraldia egin zuen Amezketan. Nekatuta zegoen, tentsio handiko finala izan baitzen.
Nola joan ziren finalaren ondorengoko ospakizunak?
Ondo, berandu samar etorri nintzen. Elkarrizketak egin, eta dena kolpean etorri zen, ia arnasa hartzeko denborarik gabe. Partida bukatzean, lasai egoteko gogoa duzu, pixka bat deskantsatzeko. Aurkaria, Unai, ere hor eduki nuen, baita Mariezkurrena ere. Lasai egon ginen hirurok. Une horretan aurkariaren lekuan jartzen ere saiatzen zara. Takoak kentzen lasai geratu nintzen frontoian, eta ia azkena izan nintzen ateratzen. Gero, familiarekin lasai afaldu eta ondoren lagunekin ospatu nuen. Oso gustura eta eskertuta nago, familiakoei eta lagunei. Egun polita izan zen.
Partida bera nola duzu gogoan?
Topikoak dira, baina atzokoan [herenegun] partida batean partida asko jokatu ziren. Partidan sartzeko ere ez zen erraza izan. Oso ondo sentitzen ari nintzen 12. tantora arte. Gero berak oso ondo jokatu zuen. Finala zailtzen joan zitzaidan, eta bera nagusitzen joan zen. Tanto bat bukatzean zerotik hasten saiatzen nintzen. 20nako tantoan aukera eduki zuen, baina, txokoan uzterakoan ez zuen zortea izan.
Azken finean, bi zati oso desberdinak izan zituen partidak. Aurrenekoan oso gustura aritu nintzen, eta piloteoan nagusi nintzen. Bigarrenean, ordea, bera joan zen nagusitzen. Beraz, ikasi behar dut aukera duzunean aldea handitu behar duzula. Gutxi oparitzeak ere asko balio du.
Nola bizitu zenuen markagailua 19na zegoela partida eten zenean, publikoari maskara jartzeko eskatuz?
Ez zen normala izan, hanka sartzea izan zen nire ustez. 19na zaude eta iruditzen zaizu aurkariak gertu duela eta zu ere hor zaudela. Beraz, tentsio handiko unea da. Maskara jartzeko ohartarazpenak lehenagotik egongo ziren. Helduak gara, eta esaten bada maskara jarri behar dela jarri egin behar da. Tentsio handiko unea bizitzen ari giren, beraz ez da normala horrela geratzea. Pilotarentzat itsuskeri handia izan zen.
Zer ikasi duzu finalarekin?
Atzokoa [herenegun] bezalako partida batek kirolariari asko ematen dio. Ondo sentitzen ez zarenean ere hor egon behar duzu. Batzuk esan zidaten gaizki jokatu eta irabaztea lortu nuela, baina hori aurkariarekiko errespetu falta dela iruditzen zait. Lasori irabazteko oso ondo jokatu behar da. Niri asko eman zidan atzoko [herenegun] partidak, horregatik disfrutatu nuen asko bukaeran. Gaur [atzo] dudan gorputzaldiagatik nabari dut tentsio handiko partida izan zela.
Beste final guztiekin alderatuta, tentsio gehiago bizitu zenuen oraingoan?
Final guztiak desberdinak dira. Final guztietan duzu tentsioa, ezinezkoa da ez izatea. Batzuetan aurretik hasten zara eta sentsazioa duzu dena ondo doala. Atzokoan [herenegun] horrela hasi eta gero ikusi nuen bera bazetorrela. Final gogorra zen, faborito nintzen, beraz, irabazita oso pozik.
25 urterekin bederatzi final jokatu dituzu eta dagoeneko bost txapel dituzu.
Poz handia ematen dit, bizitu dudan guztiagatik. Atzoko [herenegun] unea bizitzea oso polita da. Aurrekoan Aimar [Olaizola] ere erretiratu zen. Nik txikitatik ikusi dut pilotan, eta iruditzen zaigu pilotari batzuk hor egongo direla beti. Ez da horrela, eta horregatik, saiatzen naiz une bakoitza bizitzen.
Hurrengo txapelen lehian berriro ere Laso izango duzu aurkari?
Iruditzen zait Unairi dagokionez berak erakusten duen jokoarekin jarraipena izango duela. Zortea ere izan behar da, zailena mantentzea izaten baita. Unai hor egotea nahiko nuke, baina, noski, nik ere txapelak lortzen jarraitu nahi dut.
Zer esanahi du zuretzat txapel honek?
Hasieratik bukaerara une ezberdinak izan dituen txapelketa izan da. 2018an buruz burukoa irabazi eta gero, lau eta erdikoa galdu egin nuen, eta ondoren, hiru banakako txapel jarraian irabaztea sekulakoa izan da. Ilusio handia egiten dit. Kirolariek beren buruari erronka eta motibazio ezberdinak jarri behar dizkiote. Orain, binakakoarekin hasiko gara. Txapelketa guztiei erronka berri bat jartzen saiatzen naiz.
Zeini eskaintzen diozu txapela?
Familiakoez gogoratzen naiz, entrenatzaileak, lagunak, beti nirekin dagoen jendea... Eskaintza berezirik ez dut.
Orain binakakoa dator. Hori irabaztea falta zaizu.
Txapelak lortzea polita da, baina, horretan gehiegi pentsatu gabe, nik nirean jarraitu behar dut. Egun onak eta txarrak izango ditut, eta nire pentsamenduak arrakastan edo txapeletan gehiegi murgildu gabe, eguneroko lanean zentratuta egotea gustatzen zait.
Ez daukazu gelditzeko astirik. Finala jokatu eta hortik astebetera beste txapelketa bat hasten da.
Txapelek eta sariek indarra ematen dizute jarraitzeko. Buruarentzat, baina, ez da ona erabat borroka horretan egotea. Energia handia joaten zaizu, eta gorputzari deskantsua eman behar diozu. Urte osoan momentu onean egotea ezinezkoa da. Orain, behintzat, egun hauek deskantsatzea tokatzen zait. Gero, txapelketetan dena ematen saiatzen naiz. Nire buruari jartzen dizkiot helburuak eta lana egunero egin behar da.
2017an irabazi zenuen lehen txapela. Zertan aldatu zara ordudanik?
Esperientzia handia jaso dut. Denak onak, denak ondo etorri zaizkit kirolari bezala heltzeko, eta horrekin oso kontentu nago. Gainera, egun politak bizitzeko aukera izan dut. Oso gustura nago egiten ari naizen bidearekin. Hobetzeko gauzak baditut oraindik, eta horrela jarraituko dut lanean. Iruditzen zait hobetzeko gose hori ez baduzu zaila dela egunero ilusioz hartzea gauzak. Aurkari guztiak hobetzen ari dira, eta zuk ere hobetu beharra daukazu. Gero eta aurkari hobeak egon orduan eta hobeto.