Beltzaren plaza berritzeko proiektua, parte hartze bidez osatua

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko aza. 11a, 07:58

Amezketako Udalak Beltzaren plaza berritu nahi du, eta proiektua egiteko haurren eta gurasoen iritzia hartu du aintzat; urte berriarekin batera espero dute plazako obrak egiten hastea.

Amezketako Udalak Beltzaren plazari berritze bat eman nahi dio, eta horretarako, herritarren artean parte hartzea bultzatuta ari da proiektua gauzatzen. Haurren eta gurasoen ekarpenak jasota dituzte, eta proiektuan azken aldaketak egitea baino ez zaie falta.

Beltzaren plaza eremu «hotz» moduan definitu du Mikel Arteaga zinegotziak: «Hotza, hormigoizkoa, zakarra,... dela ikusten dugu, eta saskibaloi eta tenis pistak daude, baina oso-oso erabilera txikia ematen zaie».

Egoera ikusita, zerbait egiteko asmoa azaldu zuen Amezketako Udalak. Hasiera batean, kirol anitzetako pista bat jartzea zela asmoa kontatu du Arteagak. Lanketa egiten hasi zirenean, ordea, ondorio batera iritsi ziren udal ordezkariak: «Berriz ere betiko kirol horiei espazioa ematen ari ginela ikusi genuen». Lehendik ere futbol zelaia badute herrian, eta berriro ere hori jartzea ez zuten ikusten; «bestelako elementu batzuk jarri beharra ikusten genuen plaza horretan», esan du.

Udal ordezkariek bakarrik gauzatu beharrean, hasteko, erabiliko dutenei ahotsa ematea erabaki zuten, eta parte hartze prozesu bat abiatu zuten herriko umeekin. Iazko Gabonetan egin zuten: «Umeei galdetu genien parke berrian zein elementu edukitzea gustatuko litzaiekeen», argitu du Arteagak.

Ostean, gurasoekin ere bilera bat egin zuten, haurren parte hartzean zer atera zen gurasoei ere jakitera emateko. Eta gurasoen ikuspuntua ere jaso zutela azaldu du zinegotziak: «Bertan, kirol anitzetako pista bat jarri behar dela atera zen, baina era berean, lekua utzi behar dela beste elementu batzuetarako».

Zinegotziak aukeratuak izan diren elementuetako batzuk aurreratu ditu. Horien artean, egurrezko egiturak daude, «haurrak gora eta behera igotzen ibiltzeko». Eta horiez gain, skate parke bat eta ohe elastiko bat ere jarriko dituzte.

Parte hartze prozesuan jasotako ideia guzti horiei tiraka eman diote forma proiektuari. Udalak duela egun gutxi aurkeztu zien proiektua herritarrei, eta bertan atera ziren azken aldaketatxo batzuk baino ez zaizkie falta proiektuan txertatzeko. Honela, proiektua idazteaz bukatuko dute datozen egunetan, eta behin betikoa idatzitakoan lehiaketara ateratzea faltako litzaieke. Lehiaketara atera ostean, obra esleituko dute, eta obrak urte berriarekin hastea aurreikusten dute.

Proiektua gauzatu ahal izateko diru laguntzak eskuratzen ahaleginduko da Amezketako Udala. Alde batetik, Leader programara aurkeztuko dira, eta bestetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak kirol ekipamenduetarako dituen diru laguntzetara.

AZPIKO GARAJEAK, KONTUAN

Parkeaz gain, Beltzaren plaza osotasunean landu nahi izan du udalak. Guztiari eman nahi diote berrikuntza bat. Hori horrela, barandak, sareak, lurra,... guztiak aldatuko dituzte, hau da, plaza osoa berrituko dute.

Hormigoia nagusi den plazan, eremu berdeak txertatzea dute helburu, eta leku «atseginagoa» bihurtu nahi dute. Landareak eta eserlekuak ez dira faltako.

Esan behar da, plazaren azpiko aldean garajeak daudela, eta udalak hori ere kontuan izan duela: «Egingo diren lanek garajeetan eraginik izan ez dezaten osatu dugu proiektua». Ez dute lurrik zulatuko garajeetara urik sartu ez dadin. Elementu ezberdinak kokatzeko hormigoizko zapatak egingo dituzte, edota gomazko lurra jarriko dute.

Bukatzeko, Arkaitzpe tabernak terraza du Beltzaren plazan, eta terraza ere bere horretan mantenduko dute, eta lekua utziko dute terraza jarri ahal izateko.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!