Argazki lehiaketa bidez aukeratuko dituzte 2022ko egutegiko argazkiak

Eneritz Maiz Etxarri 2021eko azaroaren 9a

Amezketako Udalak 2022ko egutegia osatzeko, hirugarren urtez jarraian, argazki lehiaketa antolatu du. Amezketa da argazkiak ateratzeko gaia, eta hilaren 26a baino lehen aurkeztu beharko dira argazkiak udaletxean.

2022ko Amezketako udal egutegia osatzeko argazki lehiaketa jarri dute martxan. Udalak urtero egutegia ateratzen du amezketar guztien etxebizitzetan banatzeko, eta lehiaketa bidez aukeratuko dituzte argazkiak. Hilaren 26a da aurkezteko azken eguna.

Lehiaketaren oinarriak iazko berdinak direla aurreratu dute. Hamalau urtetik gorako edozeinek parte har dezake, eta gaia Amezketa izango da: bertako paisaiak, pertsonak, elementuak… Parte hartzaile bakoitzak gehienez ere hiru argazki aurkezteko aukera izango du, eta formatu digitalean aurkeztu beharko ditu.

Argazkiak aurkeztearekin batera, informazio osagarri gehitu beharko da: argazkia(k) non atera d(ir)en; egilearen izen-abizenak, telefonoa edo/eta helbide elektronikoa. Hiru modutara aurkeztu daitezke argazkiak udaletxean: CDan edo USB batean, informazio osagarriarekin batera gutunazal baten barruan sartuta, edo posta elektronikoz, udala@amezketa.eus helbidera bidalita, informazio osagarriarekin batera. Hamahiru argazki sarituko dituzte, eta sari bakoitza 50 eurokoa izango da.

Epaimahaia alkateak, zinegotzi batek eta Zumadi eskolako irakasle batek osatuko dute. Edozein zalantza argitzeko udalarekin jarri beharko da harremanetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!