Arritzaga bailara ezagutuz hasiko dute kultur eskaintza

Amezketako Hilabete Kulturala Asier Hilario geologoaren hitzaldiarekin hasiko dute, gaur, 19:00etan; askotariko ekitaldiak antolatu dituzte hilabete osoan sakabanatuta.

Amezketako Udalak kultur eskaintza zabala prestatu du azarorako. Gaur hasi, eta hilaren 28a bitartean luzatuko da Amezketako Hilabete Kulturala. Iñaki Arandia da kultura zinegotzia, eta azaldu duenez, «urtean zehar ezin dira gauza asko egin, eta aurten aste batean zentratuta egin beharrean hilabete batean egitea erabaki da, eta ekitaldi mordo bat jarriz».

Talde bat elkartzen da kultur ekitaldiak antolatzeko Amezketan, «pilak kargatuta» itzuli direla adierazi du Arandiak, eta bilera asko egin gabe antolatu dutela kontatu du, «lanak» taldeko kideen artean banatuta».

Gaur, 19:00etan, Arritzaga bailara hobeto ezagutzeko aukera izango dute amezketarrek Asier Hilarioren eskutik. Amezketan egun handia izan ohi da San Martin eguna, eta aurten, ostegunez, jai eguna izango dute herrian. Eta udalak jai eguna ospakizun bilakatuko du, eta egun osoko egitaraua prestatu dute.

Ostiralean, Lurtaro taldea ezagutzeko aukera izango da, eta ia astebete beranduago, hilaren 18an, Koldo Alijostes herritarrak Bizitzak liburua aurkeztuko du. Horiez gain, Jakoba Errekondok ere bisitatuko du Amezketa eta egun berean taloak jateko aukera izango da.

Beste egun handietako bat feriaren eguna izango dute. Hilaren 21ean, frontoia bete postu izango da, eta gogotsu hartu dute iaz egiterik izan ez zuten azoka eguna. Denetariko postuak jartzen dituzte, eta herriko jende asko animatzen dela postuak jartzera esan du Arandiak. Postua jarri nahi duenak udaletxera deitu beharko du.

Ostean, alde batetik, argindarra eta bestetik, emakumea eta errepresio frankista izango dituzte hizketagai bi egun ezberdinetan. Eta ekitaldiak bukatzen joateko, bertso afaria antolatu dute. Joan nahi duenak txartela eskuratu beharko du. Eta azken ekitaldia dantzaren mundutik etorriko da, eta hilaren 28an, GenEroa dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute.

AMEZKETAKO HILABETE KULTURALA

Gaur, hilak 9
19:00. Asier Hilario geologoaren hitzaldia, Arritzagako bailara glaziarraren inguruan, kultur etxeko areto nagusian.

Hilak 11, osteguna
San Martin eguna.
10:00-13:00. Haurrentzat puzgarria Larrunarri frontoian.
12:30. Meza nagusia izango da, San Martin ermitan.
14:00. Bazkaria, Beartzana jatetxean. Bertsolari eta trikitilariak bertan izango dira.
16:30. Haurrentzat jolasak Larrunarri frontoian, Gaztelekuaren eskutik. 18:00. Haurrentzat merienda, guraso elkartearen eskutik.

Hilak 12, ostirala
18:30. Eskualdean tokiko elikadura bultzatzeko sortu den Lurtaro taldearen aurkezpena, kultur etxeko areto nagusian.

Hilak 18, osteguna
19:00. Koldo Alijostes amezketarraren Bizitzak liburuaren aurkezpena, kultur etxeko areto nagusian.

Hilak 19, ostirala
18:00. Jakoba Errekondoren hitzaldia, kultur etxeko areto nagusian.
20:00. Talo jatea egingo dute Larrunarri frontoian, DBH 4. mailakoen ikasleek antolatuta ikasturte amaierako ikas-bidaiarako.

Hilak 21, igandea
10:00-14:00. Amezketako ferie egingo dute postu ezberdinekin osatuta, Larrunarri frontoian.

Hilak 24, asteazkena
18:30. Goiener-eko Eider Murgoitio eta Itsaso Irastorzarekin: Zer da goiener? Nola ulertu elektrizitate fakturak? Zein autokontsumo proiektu gauzatu daitezke herrietan?, kultur etxeko areto nagusian.

Hilak 25, osteguna
19:00. Emakumea eta errepresio frankista hitzaldia, Aranzadi zientzia elkarteko Lurdes Errastiren eskutik izango da, kultur etxeko areto nagusian.

Hilak 26, ostirala
20:30. Bertso afaria Zazpi-itturri elkartean, Haritz Mujika eta Oihana Iguaran bertsolariekin.

Hilak 28, igandea
12:30. GenEroa dantza emanaldia Kimua Dantza Kolektiboa Dantzaren eskutik izango da, frontoi zaharrean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!