ELKARRIZKETA

«Txikitatik esaten nuen ile-apaindegi batean egin nahi nuela lan»

Inko Oruesagasti amezketarra ile-apaintzaile izateko ikasketak egiten ari da Zarautzen, eta Ile-Apainketako Euskoskills Txapelketa irabazi berri du; martxoan egingo den Espainiako txapelketarako sailkatu da.

Txikitatik garbi izan du Inko Oruesagasti Erminak (Amezketa, 2004) ile-apaintzailea izan nahi duela. Iaz, hamasei urterekin Zarautzerako bidea hartu zuen ikasketak egiteko, eta duela egun gutxi Ile-Apainketako Euskoskills Txapelketa irabazi du. Martxoan Espainiakoan parte hartuko du.

Euskoskills Ile-Apainketako Txapelketa irabazi duzu. Espero zenuen?

Oraindik ez dut sinisten, baina horrela izan da. Proba guztiak amaitu ostean, ez nuen esango lehenengo egingo nuenik. Ez nuen espero postu txar bat, baina ez nuen espero lehenengo postu bat lortze ere. Nire izena esatean gustura geratu nintzen.

Ze ikasketa egiten ari zara?

Ile-apaindegiko erdi mailako ziklo bat ikasten ari naiz Zarautzen, Monte Albertian, eta orain bigarren urtean nago.

Txikitatik garbi izan duzu ile-apaintzailea izan nahi duzula?

Txikitatik gogoan dut guraizeekin lagunei egiten nizkiela gauzak. Txiki-txikitatik gustatu izan zait mundu hau. Beti esaten nuen ile-apaindegi batean egin nahi nuela lan eta ile-apaintzailea izan nahi nuela, eta betidanik garbi izan dudala esango nuke.

Gaiztakeriak egina zara beraz lagunei?

Bai. Hori duela urte asko izan zen, baina gogoratzen naiz.

DBH bukatu eta ikasketa hauekin hastea erabaki zenuen, beraz.

Hori da. DBH 4 bukatzean gurasoekin hitz egin nuen, eta ile-apaintzaile ikasketak egin nahi nituela esan nien. Aurrena Zarautzera joateak pixka bat beldurra ematen zidan; bakarrik, lagun guztiak batxilergoa egitera... baina garbi nuen, eta bestela ere bideak ez zaizkit inoiz ixten, eta aurrera egin nuen gustatzen zaidanarekin.

Nolatan parte hartu duzu txapelketan?

Iazko urtean irakasle batek lehiaketarako prestatuta ikusten ninduela esan zidan. Txapelketek betidanik deitu izan dute nire arreta, baina lehenengo urtea zen eta lasai hartu nuen. Aurten aurrera egin dut. Esperientzia bat gehiago da, eta ikastea den guztiarekin aurrera egiten dut. Nire helburua ahalik eta gehien ikastea da, eta nik uste dut lortu dudala.

Zer egin behar izan zenuen txapelketa horretan?

Lau proba egin behar izan genituen. Denetik egitea eskatzen ziguten, eta proba osoak ziren. Lehenengo proban, inspirazio bati begiratuta, mozketa, kolorea eta orraztea egin behar genituen. Arratsaldean, berriz, kolorea eta orrazketa bitxi bat, abangoardiakoa esaten dena. Permanentea, moztea, bizarra eta bibotea, eta ezkontza baterako orrazketa.



Lan handia, beraz.

Bai. Eta agian ideia batekin joan nintzen, eta inspirazioak zeuden, eta horrek dena hankaz gora jarri zidan, baina pixka bat buruari eman, eta lan horiek aurrera eramatea lortu nuen. Pozik nago.

Nolako esperientzia izan zen?

Ahaztezin moduan kontsideratuko nuke, gehienbat, ikasi dudan guztiagatik. Jasan dudan presioarekin pila bat ikasi dut. Lan mundura begira pila bat ikasi dudala esango nuke. Bestetik, oso pozik nago irakasleek lagundu didatenagatik. Nire gelako eta estetikako lehiakideekin egin dudan harremanak ere izugarrizko poza ematen dit. Esperientzia hau uste dut ez dudala sekula ahaztuko; podiumera igotzean izugarrizko emozioa sentitu nuen, eta harrotasuna. Egindako lana aurrera aterata oso pozik nago.

Zer esan dizute ingurukoek.

Eskolan guztiz babestua sentitu naiz, eta aurrera jarraitzeko indarra eman dit. Txapelketa ikustera eskolako ikasle guztiak joan ziren.

Ikasle guztiek ez dute parte hartzen.

Monte Albertian ikasleen artean aukeraketa egin zen, eta hiru pertsona aukeratu zituzten txapelketara joateko. Garazi, Manex eta ni izan ginen aukeratuak. Eta aprobetxatu nahiko nuke eskolako guztiei eskerrak emateko, ikasleei eta irakasleei, eta baita etxekoei ere. Gurasoak ere ikustera joan ziren. Denei eskerrak ematea geratzen zait.

Txapelketa irabazteak Espainiakorako txartela eman dizu.

Martxoan izango dut txapelketa. Estetikan Ekainek [Altuna] irabazi zuen lehiaketa, eta berarekin joango naiz Madrilera. Hilabete hauek prestatzeko geratzen zaizkit. Presio handia egongo da, baina ni ikastera joango naiz. Sari bat izan da Euskoskillsen parte hartzea, eta orain Espainiako Euskoskillsera sailkatzea niretzat izugarrizko saria da, eta ahalik eta lan onena egiten saiatuko naiz.

Ile-apaintzaile ikasketak egiten ari zara, baina baduzu aurrera begira, beste asmorik?

Ez dut ezer pentsatua. Erdi mailako ikasketak egiten ari naiz, eta goi maila egiteko asmoa badut. Gero, kanpora joatea gustatuko litzaidake, eta asko ikusi eta ikastea nahiko nuke. Ahalik eta gehien ikusita eta ikasita itzultzea nahikoa nuke.

Ile-apaintzaile lana, maiz, emakumeekin lotu ohi da. Zein da zuen eskolako egoera?

Lehen gehiago lotzen zen emakumeekin. Orain normaltzen doala esango nuke, eta oraindik eskolan emakume gehiago ikusten badira ere, denbora aurrera joan ahala gehiago normalduko da. Horrek egia esan pixka bat lasaitzen nau.

Ile luze edota motzak dituzu gustuko?

Oraindik ez dut ikasi motzetatik asko, esan bezala, ikasten ari naiz-eta. Denetik gustatzen zaidala esango nuke. Luzeetan asko gustatzen zait, bai moztea, kolorea egitea,... Baina motzetan ere mozketa ezberdinak egitea asko gustatzen zait.

Ile-apaintzaileok ilea asko mozteko fama duzue. Zuri ere gustatzen zaizu?

Nik uste dut hori guztioi gustatzen zaigula, baina bezeroak eskatzen dizuna ondo ulertu behar duzu. Bezero hori berriz itzultzea nahi baduzu behintzat, uste dut ez diozula asko moztu behar ilea. Eta gehiago moztu behar badiozu, badaezpada, esan egin behar zaiola iruditzen zait. Egia da asko entzuten dela hori, eta alde horretatik fama txar pixka bat badugu.

Ikaste prozesuan zaude. Dagoeneko hasita zaude pertsonei ilea mozten?

Bai. Etxekoekin nahiz kuadrillakoekin asko aritzen naiz saltsan. Esan egiten didate, eta ni gustura ibiltzen naiz.

Zer egin behar du pertsona batek ilea ondo zaintzeko?

Pertsona batzuei bestei baino gehiago hondatzen zaie, baina puntak maiz moztea komeni da. Kontuan gauza asko izan behar dira. Zerekin garbitzen duzun, zein tenperatura erabiltzen duzun garbitzeko, lehortzeko edo orrazteko. Hori bai, alterazioren bat izanez gero beharrezkoa izango litzateke espezialista edota profesional bati galdetzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!