Altuna III VS Laso _ Lau eta Erdiko Finala 2021

«Lau eta erdian jokatzerakoan, antzekotasun dezente ditugu»

Imanol Garcia Landa 2021ko aza. 3a, 07:59

Pilotari amezketarrak Unai Laso izango du aurkari lau eta erdiko finalean. Antzeko jokoa dute kaiolan eta Altuna III.ak badaki bere onena eman beharko duela txapela janzteko.

Lau eta Erdiko Txapelketan seigarren finala jokatuko du Jokin Altunak (Amezketa, 1996). Azaroaren 14an izango da, Unai Lasoren aurka, Bilboko Bizkaia frontoian.

Seigarren finala segidan. Ez zara aspertuko, ezta?

Ez, ez, aspertu ez. Oso kontentu nago. Seigarrena da, baina finalerdia irabazi nuenean, ez zitzaidan etorri burura seigarrena zela, baizik beste finalerdi bat irabazi nuela eta hor nengoela berriro finalean. Berriro ere bi aste hauek bizitzeko aukera izatea polita da eta kontentu nago oso.

Finalak segidan jokatzeko marka zenbateraino luzatu nahiko zenuke?

Ez diot horri begiratzen. Ni gustura nago, eta ahal dudan ondoen entrenatu dut txapelketa honetan ahal dudan ondoen egiteko. Finalera iritsi naiz, eta nire helburua finala ahal dudan ondoen prestatzea da. Gero, etorkizunean zer egingo dudan, edo zer txapelketa irabazteko aukera izango dudan, edo zer marka egin ahalko dudan, ez dit ekarpenik egiten. Orain dudan gauzarik garrantzitsuena, aukera hau aprobetxatzen saiatzea da, eta horretarako nire lanak ondo egitea. Hortik aurrera ez dut inongo pentsamendurik, eta ehuneko ehunean zentratuta nago finalera ahal dudan ondoen iristeko.

Finalei buruz ari gara, baina, noski, txapela lortzea da helburua. Final hau irabaziz gero, bosgarren txapela izango zenuke guztira, eta orain Olaizola II.enak erretiroa hartuko duela, aktiboan dagoen eta txapela gehien dituen pilotaria bihurtuko zinateke.

Polita izango litzateke, baina esan dudan moduan, ez naiz ari datu horiei begira lanean. Ni nire esku dagoena egiten ari naiz, nire jokoa ahal dudan gehien hobetuz. Oraindik hobetzen ari naiz eta neronek kantxan hori nabaritzen dut, urtez urte hobetzen ari naizela. Lorpenak, finalak jokatzea, txapelak lortzea, hori bukaeran jasotzen duzun oparia da. Hor bazabiltza borrokan, batzuetan ondo ateratzen zaizu eta besteetan gaizki. Hor nabilela ikusteak sekulako poza ematen dit niri; azken garaietan erabat hor nabil, eta horrek indar handia ematen du.

Nolakoa izaten ari da orain arte txapelketa?

Niretzako txapelketa oso polita izan da. Momentu ezberdinak bizitzen dituzunean, hor ikusten da mentalki eta kirolari bezala nola zauden. Hasieran kosta egin zitzaidan pixka bat, baina ez nintzen kezkatu, badakidalako aurkariek ere asko jokatzen dutela. Beti ezin da irabazi, eta bigarren partida galdu nuenean, banekien zer hobetu behar nuen. Saiatu ginen horretan zentratzen eta hortik aurrera entrenamendu guztietan oso ondo sentitu naiz, eta fedea nuen entrenamenduetako hobekuntza hori partidetan ikusteko. Oinatzen [Bengoetxea] kontra oso ondo sentitu nintzen, eta lehengoan ere bai Josebaren [Ezkurdia] aurka.

Hain justu, Ezkurdiaren aurkako partida parekatuagoa izatea espero zen.

Bai, ez duzu espero Joseba bezalako pilotari bati 22-10 irabaztea, baina txapelketako partida horietan bat aurretik hasten denean ez da erraza izaten atzetik doanarentzako. Partida hasiera oso borrokatua izan zen, biok maila oso altuan jokatuz. Gero, nik abantaila hartu nuenean, aldea egin nuen, eta hori ondo eramaten jakin nuen. Ni nire aldetik ikaragarri gustura sentitu nintzen kantxan, eta horrekin geratzen naiz.

Finalean Unai Laso izango duzu aurkari. Espero zenuen finalera iristeko gai izango zela?

Argi dudana da, eta orain finalera iritsi baino lehen ere, Unai hor goran geratzeko bueltatu dela. Berak erakutsi du zer maila duen. Oso pilotari erregularra da gaur egun, eta jokoaren arlo guztiak menperatzen dituen pilotaria da. Ez naiz harritu Laso finalera iritsita. Ezkurdiaren aurka galdu zuen, eta final-laurdenetako ligaxkako beste bi partidetan, hil ala bizikoak, heldutasun handiarekin eraman zituen. Finalerdian ere atzetik hasi bazen ere, ondo eraman zuen. Pilotari handia da, eta badakit zer final gogorra izango dudan, baina nik nire lanak ondo egin behar ditut, eta horretan zentratuko naiz.

Udan elkarren artean jokatutako partidek ikusmin handia sortu zuten. Horiek kontuan izango dituzu finala prestatzeko?

Esango nuke lau eta erdian jokatzerakoan, biok antzekotasun dezente ditugula. Ezkerrarekin min dezente egiten dugu, eskuinarekin botera abiadura ematen saiatzen gara... Esango nuke antzeko jokoa egiten dugula. Gaur egun lau eta erdian ez dago ezer berezirik, denok badakigu zer egin behar dugun. Gero, hori ondo egitea izaten da zaila. Ikusiko ditut partida batzuk, baina Unairen aurka behin baino gehiagotan jokatu dut, eta badakit nire partida onena egin beharko dudala txapela jantzi nahi badut. Oraintxe ditudan sentsazioei eusten saiatuko naiz txapelketako azken partidara arte.

Azken finalekin alderatuta, ezberdintasuna pilotalekua beteta egongo dela izango da.

Bagenuen gogoa, egia esan, horrela izateko. Azkeneko partidetan sekulako jende pila dabil frontoietan, eta gozatua da horrela jokatzea. Ea finalean Bilbora hiru mila lagun joaten diren, frontoia beteta dagoen eta egun polita bizitzen dugun.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!