Amezketa errekan izandako isurketa salatu du Eguzkik

Ataria 2021eko azaroaren 2a

Larunbatean isurketa bat gertatu zen Amezketako errekan, eta ondorioz, urdin kolorez agertu zen ura.

Larunbat goizean isurketa bat izan zen Amezketan, eta izen bereko erreka urdinez koloreztatuta agertu zen herrigunetik igarotzean.

Eguzki talde ekologistak adierazi duenez, 112 zenbakira deitu zuten eta Urako ikuskaria bertaratu egin zen. Talde ekologistak esan du ez dela lehen aldia, eta 2017an ere salatu zutela antzeko gertakari bat. "Ordukoan (eta beste zenbaitetan) paper fabrika izan zen arduraduna. Beraz logikoa da oraingoan ere begirada guztiak bertara zuzentzea, nahiz eta jakin azkenaldian hainbat hobekuntza egin dituztela", esan dute.

Hala ere, Eguzkik azaldu du ez dela erraza izango gertakaria argitzea: "isurketa hasi eta guk 112ra deitu bitartean (jakin bezain pronto egin genuen) ordu batzuk pasa baitziren. Horregatik, berresten dugu halako gertakarien berri izan orduko 112ra deitzearen garrantzia; guri deituz gero ere arduratuko gara gaiaz eta jarraipena egiten ere saiatuko gara".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!