Hamazazpi tanto egin eta bakarra galdu. Jokin Altunak finalerdi handia jokatu zuen Joseba Ezkurdiaren aurka, igandean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. 22-10 irabazi zion nafarrari, eta txapelketa honetan, Oinatz Bengoetxearen aurkakoan erakutsi zuen jokoari jarraipena eman zion. Jarraipena, ordea, finalei eman die amezketarrak. Azaroaren 14koa lau eta erdiko seigarrena izango du, denak segidan. Lasoren aurkako partida Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatuko da.
Partida amaieran mezu argia zabaldu zuen Jokin Altunak: «Berriro finalean egotea pozgarria da, baina atzean dagoen lan guzti horregatik poz handiagoa sentitzen dut. Goran denbora dezente mantentzea asko kostatzen da, eta nire buruarekin harro nago. Txapelketan zailtasunak izaten dira; badakit nolakoa den kirol hau. Aurrera segi dut. Banekien nire unea iritsiko zela. Oso zaila izango zela jakinagatik, asko gozatu dut».
Ezkurdiaren aurkako partidari dagokionez, hasieran nafarra hasi zela agintzen adierazi zuen amezketarrak: «Hala eta guztiz ere, fisikoki ondo sentitzen nintzen, ez nintzen nekatzen. Horrek indarra eman dit eta gero esango nuke bera pixka bat jaitsi egin dela. Tanto gogor dezente jokatu ditugu. Pilotari asko eman diodala uste dut gaurkoan. Hemen pilotari ez baldin badiozu asko ematen, nahiz eta jendeak esan artista naizela, ez duzu aurrera partidarik ateratzen. Egia esanda, gozatu egin dut».
Azkenik, Unai Lasoren aurkako finalaren aipamena egin zuen Jokin Altuna amezketarrak: «Aurkari berria izango da, baina banekien Laso final batera iritsiko zela, eta denborarekin asko jokatuko dituela. Nolabait gizondu egin dela esango nuke, kantxan sendotasuna erakusten duela. Peio Etxeberriaren aurka 5-1 galtzen joan zenean ere ez zen partidatik atera. Aurrerapauso hori eman du eta gustura jokatuko dut finala bere aurka; polita izango da».
Aimar Olaizolak Beotibar ere agurtuko du, azaroaren 8an
Olaizola II.ak agur esango dio pilotari izateari azaroaren 13an, Goizuetan jokatuko duen azken jaialdian. Erabakia plazaratu zuenetik, Euskal Herriko hainbat frontoi agurtzen ari da goizuetarra. Tolosako Beotibar pilotalekua horien artean egongo da, eta bere azken partida, azaroaren 8an jokatuko du, Tolosan. Bere ibilbide oparoko azken aurreko partida izango da, beraz.
Beotibarko agurreko partidan Aimar Olaizolak Albisu izango du lagun. Aurkariak, berriz, Oinatz Bengoetxea eta Mariezkurrena II.a izango dira. Ondorioz, goizuetarra eta leitzarra aurrez aurre ikusteko aukera izango da azaroaren 8an, astelehenean, Tolosan.
Pilota jaialdia 16:30ean hasiko da eta eskualdeko bi pilotariren arteko lehiak emango dio hasiera. Lehen partida horretan lau eta erdian ariko dira Erik Jaka eta Iñaki Artola. Ondoren etorriko da Aimar Olaizolaren partida, jaialdiko nagusia.
Azkenik, Arteaga II.ak eta Larunbek Larrazabal eta Elizegi asteasuarraren aurka jokatuko dute.
Tolosako jaialdirako sarrerak dagoeneko salgai daude. Beotibarrera gerturatu nahi dutenek, aurrez, Baikopilota.eus webgunera sartuz gero txartelak erosteko aukera izango dute.