Altunak ezin izan du Peio Etxeberriarekin

Ataria 2021eko urriaren 16a

Argazkia: ASPE

Jokin Altuna amezketarrak Peio Etxeberriaren aurkako partida galdu du, Bergaran. Altuna III.a 16 eta 12 irabazten joan den arren, 18. tantoan geratu da, eta zenoztarra izan da bigarren jardunaldiko partida irabazi duena.

Jokin Altuna amezketarrak eta Peio Etxeberria zenoztarrak Bergaran jokatu dute Lau eta Erdiko txapelketako bigarren jardunaldiko partida. 18 eta 22ko emaitzarekin nafarra izan da irabazlea, eta final-laurdenetako ligaxkako bigarren puntua poltsikoratu du.

0-4 Etxeberria irabazten hasi bada ere, ostean, Altunak aurrea hartzea lortu du. Txapelduna 16-12 irabazten joan den arren, tantoz tanto, gerturatzen joan zaio Etxeberria eta ezin izan du nafarraren jokoa apurtu. Erritmo handian jokatu dute eta Altuna III.a lekua aurkitu ezinik ibili da.

Nafarrak 17 tanto egin ditu eta amezketarrak 12. Galdu, berriz, irabazleak sei eta galtzaileak bost. Sakez hiruna tanto egin badituzte ere, bina falta ere egin dituzte.

Etxeberriak "merezita" irabazi duela adierazi du Altunak. Biharko Elordi eta Bengoetxea VI.aren arteko partidaren zain, azken jardunaldian erabakiko da zein pilotarik egiten duten aurrera. 

Jardunaldi honetako azken partida Tolosako Beotibarren jokatuko du Erik Jakak, astelehenean. Unai Laso izango da lizartzarraren aurkaria. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!