Gazte gera gazte ta ez gaude konforme!

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Artola 'felix' 2021ko urr. 17a, 20:58

Gazte gera gazte/ ta ez gaude konforme zioen Lourdes Iriondok 1968an. Gaztea berez da konformagaitza: gazte definizioaren barruan doa txertatuta. Kontrara, konformatzen dena, berriz, jada gazteena izandakoa da; hau da, inoiz ez da gazteagoa izango.

Behin fase horretan sartzean, gazte izandakoa gazteekiko bilakatzen da konformagaitzen; bereganatzen duenean beste guztia toleratzeko gaitasuna -hipotekaren edo alokairuaren prezioa, bikotekidearen zurrunka hotsa, nagusiaren izaera jasangaitza, erregaien eta argindarraren prezioa-, galtzen du gazteak toleratzekoa -erretzaile ohiari hamasei kilometrotara piztu den zigarroaren keak molestatzen dion bezalaxe-. Eta hori, horrela zen lehen ere; ez da guzti-guztia ere aldatzen, kamarada!

Iraganera begiratzen dudanean, eta duela ia hogei urte 11-15 urteko felixek eta bere ingurukoek egin zituen zenbait gauzez oroitzen naizenean, burua non ezkutatu ez dakidala geratzen naiz. Eta jarrera hori duela ia 20 urte geneukan, 2 000.eko hamarkada loriatsu hartan, krisi kontzeptua zer zen ere ez genekien garai haietan.

Bada, azken hemezortzi hilabeteetan gertatu denak egoera muturrera eraman du: gazteen konformagaiztasuna areagotu egin du, baita gazteena izandakoen gazteen ekintzen aurrean zero tolerantzia jarrera ere. Gazteena izandakoaren posizioan nago orain -nerabezaroa duela 20 urte hasi zitzaidan-, eta joan den udan ikusitako zenbait gauza -ze nezesidade!- pentsaezinak egiten zaizkit; baita, ordea, guk duela hogei urte egiten genituenak ere. Oraingoak ez dut uste larriagoak direnik, baina larriagoak balira ere; azken hemezortzi hilabeteetan gertatutakoa eta gero... Nola jokatuko zukeen gure belaunaldiak nanopartikula madarikatu hau hogei urte lehenago azaldu izan balitz?

 

Gazteekin 'zero tolerantzia' da batzuek hartu duten bidea; nik, berriz, nahiago dut enpatiarena



Halere, bada azpimarratu nahiko nukeen kontu bat. Azken asteetan entzuten ari gara itxialdiak eta ondoren bizi izan dugunak asko kaltetu dituela gure buru-osasuna eta osasun emozionala. Horrekin batera entzun ditugu datu batzuk ere: gazteen artean hirukoiztu egin dira elikadura-arazoak -bulimia eta anorexia kasuak esaterako-, eta suizidio-pentsamenduak izaten hasi diren gazteak ere geroz eta gehiago dira.

Bada, bai inongo burutan sartzen ez diren ekintzen egileak, baita norbere burua lesionatzen dutenak ere, guztiak dira gazteak. Bai besteari mina ematea, bai norbere burua mintzea, biak dira gaur egungo errealitate. Are gehiago: batak bestea ulertzen laguntzen digu. Denek ala denek barruan daukate mina, eta min horrekin zer egin ez dakitela daude. Gaude. Gazteekin zero tolerantzia da batzuek hartu duten bidea; nik, berriz, nahiago dut enpatiarena.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!