Txapelak jantzi dituzte Amezketako Txapeldunen Txapelketako finalean

Leyre Carrasco 2021ko ira. 26a, 21:34

Kadeteetan Beñat Apezetxea; promesetan Xabier Iribarren; eta elite mailan Eneko Labakak eman dute garaipena, gaur, Amezketako Larrunarri pilotalekuan jokatu diren Txapeldunen pilota txapelketa finalean.

17:00etan hasita, Amezketako Txapeldunen Txapelketaren finalak jokatu dira Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Kadeteen partida izan da lehena, eta bertan aritu dira Beñat Apezetxea goizuetarra eta Beñat Labaka azpeitiarra. 22-3ko emaitzarekin jantzi du txapela Apezetxeak.

Promesen txanda izan da hurrena. Hasiera batean, Ekhi Irribarria (Arama) Oier Ariztegiren (Lekarotz) aurka jokatzekoa zen partida, baina azken hau lesio bat medio ez da kantxan izan. Hortaz, final horren lekua desafioa antolatu dute antolatzaileek, eta Ariztegiren lekua hartu du Arabako txapelduna den Xabier Iribarren pilotariak. Partida oso lehiatua izan da, baina azkenean, Iribarrenek eman du garaipena (20-22).

Elite mailako partida izan da azkena, eta bertan aritu dira Eneko Labaka (Albiztur) eta Hodei Exposito (Astigarraga). Final lehiatua izan da, eta azken minutuetan urduri ibili dira bi pilotariak. Labaka azken tantoaren esperoan zegoela (15-21), Expositok aurre hartu dio bere pare jarriz (21-21). Azkenean, Labakak eraman du azken tantoa, baita txapela ere.

Xalton Zabalari omenaldia

Amezketako txapeldunen txapelketan Joxan Tolosa eta Jokin Altuna dira txapeldunak, baina tartean badago hirugarren txapeldun bat ere: Xalton Zabala, hain zuzen. 45 urteko ibilbideari errepasoa eta omenaldia egin nahi izan diote, gaur, etxean, eta hala egin dute. Bixente Gorostidik bertsoa bota, Jokin Altunak bion argazkia oparitu, loreak eman, eta berriro txapela jantzi diote Zabalari.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!