Jokin Altuna, aditu lanetan igandeko finaletan

Joxemari Otermin 2021ko ira. 24a, 10:52

Jokin Altuna izango da finaletako ahotsetako bat.

Igande honetan, irailak 26, 17:00etan hasita, Joxean Tolosa pilota txapelketaren azken partidak jokatuko dira Amezketako Larrunarri pilotalekuan.

Hauek dira finaletara iritsi diren pilotariak:
Kadeteetan: Beñat Apezetxea (Goizueta) eta Beñat Labaka (Azpeitia).
Promesetan: Ekhi Irribarria (Arama) eta Oier Ariztegi (Lekarotz).
Elitekoetan: Eneko Labaka (Albiztur) eta Hodei Exposito (Astigarraga).

Aurtengoarekin XXXI.urtera iritsi da Amezketako Txapelketa. Orain arte Joxean Tolosa Txapelketa esaten zitzaion Zazpi Iturri elkarteak antolatu izan duen honi, baina aurrerantzean Amezketako Txapeldunen Txapelketa deiturarekin ezagutuko da. Xalton Zabalak eta bere taldeak eratu izan zuten lehiaketa, gaur egun beste pilotazale batzuen eskuetara pasatu da.

Bai, lehenbiziko lehiaketa 1990ean jokatu zen eta txapeldun, Juan Antonio Artola amezketarra izan zen. Eta ondorengo urteetan Xabier Errasti, Juantxo Koka, Xabier Imaz, Haritz, Eneko Galartza, Aitzol Sukia, Ekaitz Saralegi…eta zerrenda luzea osatzeko moduan dago txapelketa.

Iaz, pandemiaren eraginez, ez zen lehiaketarik izan, baina indarberriturik etorri da aurtengoa. Bestalde, orain hurrengoan bezala, pilotalekura agertzeko modurik ez dutenentzat, Youtubez emango dira hiru partidak eta Tolosaldeko Ataria-ren webgunean jarraitu ahal  izango dira zuzenean. Emanaldia 16:50ean hasiko da.

Partiden kontakizuna Tolosaldeko Ataria-ko Asier Imazek egingo du, baina albistea honetan datza: Jokin Altunak lehenbizikoz aditu lanak bere gain hartuko dituela partiden kontakizunean. Amezketako pilotalekua ezagutzen duela behin baino gehiagotan erakutsi du, edozein pilotalekutan bere gaitasuna sarritan erakusten du, baina lanbide berria hartuko du Amezketan: ikusten duenari irakurketa teknikoa eranstea. Ikuskizun izango da nola moldatzen den lanbide berri honetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!