Amezketako adinekoei zuzendutako bileran zahartzaroa izango dute hizketagai

Ataria 2021eko irailaren 21a

Tolosaldeko adinekoen talde bat Amezketara joango da ostegunean, bertako adinekoekin harremanetan jarri eta bilera egiteko asmoz. Zahartzaroaren gaineko ekimena gauzatu nahi dute, eta 19:00etan kultur etxean elkartuko dira.

Tolosaldeko adinekoen talde bat martxan jarri da zahartzaroaren gaineko ekimen bat martxan jartzeko. Kasu honetan, Amezketan bizi diren adinekoak elkartu nahi dituzte, eta horretarako, ostegunean, 19:00etan, kultur etxean jarri dute hitzordua. Eskualdeko herri ezberdinetako adinekoekin elkartzen ari dira.

"Zahartzaroaren ikuspegia eta horren inguruko familia eta gizarte ereduak bizkor ari dira aldatzen", adierazi dute Tolosaldeko adinekoen taldetik. "Badakigu belaunaldi berriena ez dela aurreko belaunaldien bera izango, baina ez dakigu zehatz mehatz nolakoa izango den. Badakigu zahartzaroa bizitzaren aldi luze eta aberasgarria bilaka daitekeela, baina ez dakigu zuku guztia ateratzeko nola ekin behar diogun", azpimarratu dute. Era berean, badakite irtenbidea "ez dela erakunde publikoetatik eta etekin ekonomikoa atera nahi duten enpresetatik etorriko". Egoera horren aurrean, ez daudela antolatuta esan dute, eta antolatzearen beharra ikusten dute.

Zahartzaroaren diseinua eta kudeaketa "adinduen esku egotea nahi bada", amezketarrei osteguneko bileran parte hartzeko gonbidatu luzatu diete Tolosaldeko adinekoen taldetik.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!