Txapelketaren izen aldaketarekin iritsiko dira igandeko finalak

Imanol Garcia Landa 2021ko ira. 21a, 07:58

Amezketako Txapeldunen Buruz Buruko Txapelketa bihurtu da Joxan Tolosa Txapelketa zena.

Asteburuan atseden hartu ondoren, datorren igandean, irailak 26, jokatuko dira orain arte Joxan Tolosa Txapelketa izena izan duen buruz buruko lehiaren finalak Amezketan. Larrunarri frontoian egingo dira, aurreko partida guztiak bezala, eta 17:00etan ekingo diote jardunaldiari. Antolakuntzatik finalen eguna aprobetxatu dute txapelketaren izena aldatzeko, eta hemendik aurrera Amezketako Txapeldunen Buruz Buruko Txapelketa deitu diote.

Izan ere, Amezketako Zazpi Iturri elkartea txapelketa antolatzen hasi zen Joxan Tolosa herritarrak buruz buruko txapela jantzi zuen urtean, bide batez, berari omenaldi moduko bat eginez. Gaur egun, ordea, bada beste buruz buruko amezketar txapeldun bat, Jokin Altuna, eta hori ere kontuan hartu nahi izan dute, txapelketari izena aldatuz. Zazpi Iturri elkarteko Beñat Belokik azaldu duenez, «txapelketa antolatzen hasi zen Xalton Zabalarekin, zein Joxan Tolosa eta Jokin Altunarekin hitz egin dugu, eta adostasun batera iritsi ginen, ikusirik herrian beste txapeldun handi bat dugula. Zentzu horretan, herrian dugun arazo eder bati irtenbidea eman diogu txapelketari izena aldatuz, eta bi txapeldunak barne hartuz».

Hiru final izango dira jokoan. Kadete mailan, Beñat Apezetxea goizuetarra eta Beñat Labaka azpeitiarra ariko dira. «Partida polita ikusteko aukera izango dugula uste dut. Apezetxea faborito da, erakutsi duen mailarengatik, eta duen gaitasunengatik. Labaka, berriz, oso pilotari azkarra da, eta bere jokoa egiten badu Apezetxea estutzeko moduan izango da», esan du Belokik.

Etorkizunekoen mailan, Ekhi Irribarria aramarra eta Erreka elkarteko Oier Ariztegi izango dira aurrez aurre. «Partida oso parekatua izango da. Biek kolpe handia dute, eta aipatzekoa da Irribarria berez kadete mailakoa dela», zehaztu du Belokik.

Elite mailan izango da eskualdeko ordezkari bakarra, Eneko Labaka albizturtarra, eta Hodei Exposito astigartarraren aurka jokatuko du. «Final hau ere parekatua ikusten dut. Joko aldetik oso ezberdinak dira. Eneko klasea duen pilotaria da, eta Exposito bere indarrarengatik nabarmentzen da. Eneko pixka bat faborito izan daiteke, baina Exposito edozein irabazteko gai da», azaldu du Belokik.

Finalak ikusteko sarrerak 10 euro balioko ditu eta aurrez ez dira salduko. 16:15ean irekiko da leihatila frontoian bertan, eta 300 bat ikusle sartzeko aukera izango dela aurreikusten dute. Betidanik izan du ospea txapelketak, eta aurreko jardunaldietan sortu duen ikusmina areagotzea espero da finalean.

ZUZENEAN, 'ATARIA.EUS'-ETIK

Finalak Internet bitartez emango dira zuzenean, eta Ataria.eus helbidean jarraituko ahalko da emanaldia. TOLOSALDEKO ATARIA elkarlanean ari da antolatzaileekin, eta Asier Imaz lankidea ariko da narrazio lanak egiten, eta Jokin Altuna bera izango da komentarista.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!