Jubilatuen Txokoa jarduerekin hasiko da astelehenetik aurrera

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 17a, 15:00

Amezketako Udalak martxan jarriko du Jubilatuen Txokoa, eta izena emateko epea zabaldu dute. Eskulanak, memoria lantzeko tailerra eta gimnasia egingo dituzte, besteak beste, eta horrez gain, adinekoak elkartzeko gune ere bada. Herriko adinekoei parte hartzera animatzeko deia luzatu die udalak.

Ikasturte berriari hasiera emanez, astelehenean hasiko ditu jarduerak Amezketako Jubilatuen Txokoak. Udaberrian hasiera eman zieten jarduerei jarraipena emango die Amezketako Udalak.

Udaberrian bezala, ekintzen dinamizatzailea Nahikari Goñi izango da, eskuhartze psikosozialerako Lahar Elkargoko partaidea. Jubilatuen Txokoaren helburu nagusia herritar nagusien kalitatezko bizitza eta osasuna mantendu eta hobetzea dute. Horrelako zerbitzu batek garrantzi handia duela adinduentzat esan dute udaletik, eta pertsona helduek bizipoza, alaitasuna eta beraientzako denbora dedikatzea behar dutela azpimarratu dute, "etxean bakarrik, komunikazio handirik gabe eta sentipenak bakardadean bizitzen egon beharrean". Hori dela eta, udalak dei berezia zabaldu die amezketar helduenen seme-alaba edo arduradunei, beraiek ere beren helduak parte hartzera anima ditzaten.

Aurreko hilabeteetan, astean bitan, ia 25 erretirodunek parte hartu izan dutela eskulanetan, memoria lantzeko tailerretan eta gimnasian adierazi dute udaletik. Beste zenbait erretirodunek, ordea, ekintzetan parte hartu ez arren, Jubilatuen Txokoa beste lagunekin elkartu eta beraien aisialdia bertan pasatzeko erabili izan dute; solasean, jokoan, pilota partidak ikusten…

Txokoa 65 urtetik goragoko amezketarrentzat prestatua dago, eta egunero erabili dezakete 19:30-20:00ak bitarte. Herrian erretirodun gehiago direla azpimarratu du udalak, eta denak animatu nahi ditu beraientzat egokituta dagoen lokal hori erabiltzera, eta baita bertako ekintzetan parte hartzera ere.

Erabiltzaile izan nahi duen amezketarrak udaletxean izena eman baino ez du egin behar, eta azpimarratu dute jarduera guztiak, garraio zerbitzua barne, dohainik direla. Udalak izena ematen duten erretirodunen eskura txokoan sartzeko giltza inteligentea jartzen du, eta beraiek nahi dutenean bertara joateko eta lokala erabiltzeko aukera izaten dute. Era berean, tailerretara joateko zailtasunak dituzten jubilatuentzat garraio zerbitzua ere antolatzen du Amezketako Udalak.

Pandemiaren egoera hobetzen ari dela eta, "ikasturte berriarekin batera tailerrak ere normaltasun batera bueltatuko dira, astean hiru egunetan antolatuko direlarik", adierazi dute udaletik. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, 16:00etatik 18:00etara izango dira.

 

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!