Bi irteera geologiko egiteko aukera

Ataria 2021eko irailaren 15a

Arritzaga, Aralarko sustraia eta historia harrigarria izenburupean antolatu ditu Amezketako Udalak eta Asier Hilario geologo tolosarrak gidatuko ditu. Irteerak irailaren 19an eta 26an izango dira.

Aralar euskal geologiaren ikur garrantzitsu bat da eta bertan dagoen Arritzaga bailaran Euskal Autonomi Erkidegoan ikus daitezkeen egitura geologiko ikusgarrienetarikoak aurkitzen dira, hala nola, fosil ugariz hornitutako arrokak, Aralar mendilerroaren egitura, meategiak, eta guztien artean ezaugarririk bereziena, EAEko bailara glaziar bakarra. Duela 40.000 urte 5 km luzera zituen izotz glaziar batek zizelkatu zuen gaur egun ikusten dugun ibarra.

Guzti hori ezagutzeko aukera izango da udalak antolatutako bi irteera geologikoetan eta Asier Hilario geologo eta aditu tolosarrak emango ditu azalpen guztiak. Irailaren 19ko irteera edonorentzat dago antolatuta eta irailaren 26ko irteeran berriz, amezketarrek izango dute lehentasuna parte hartzeko. Bi egunetan 09:00etan aterako dira Minak bideko aparkalekutik, Beratzeaga zubia baino lehenago dagoena (ETRS89 koordenadak: X=575729, Y=4765522, altuera=408 m) eta 16:00ak aldera itzuliko dira. Bakoitzak bere bazkaria eraman beharko du.

Izena emateko Amezketako Udalera jo behar da, bertaratuta edo 943 653189 telefono zenbakira deituta, eta partaideen muga 20 lagunekoa da irteera bakoitzean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!