Joxan Tolosa Txapelketako finalistak, zehaztuta

Ataria 2021eko irailaren 14a

Finalerdietako partidetako bat, Eneko Labaka eta Aztiz pilotarien artekoa.

Asteburuan jokatu ziren, Amezketako Larrunarri pilotalekuan, Joxan Tolosa Txapelketako finalerdiak, eta beraz, irailaren 26ko arratsaldean finalak jokatuko dituzten pilotarien izenak zehaztuta geratu dira. Sei pilotarietatik bakarra izango da eskualdekoa, Eneko Labaka albizturtarra.

Kadeteetan, Beñat Apezetxea goizuetarra eta Beñat Labaka azpeitiarra ariko dira lehian. Etorkizunekoen mailan, Ekhi Irribarria aramarra eta Erreka elkarteko Oier Ariztegi. Elite mailan, Eneko Labaka eta Exposito astigartarra.

Finalerdietako bi gauetan, ostiralean zein larunbatean, 150 ikusletik gora izan ziren Larrunarri pilotalekuan. Ondorengoak izan ziren emaitzak: kadeteetan, Apezetxea 22-9 Oier Ibarluzea, eta Eneko Gorostidi 11-22 Beñat Labaka; etorkizunekoetan, Irribarria 22-17 Alberdi, eta Ariztegi 22-19 Amiano; eta elite mailan, Hodei Exposito 22-18 Iñaki Elola, eta Eneko Labaka 22-8 Aztiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!