Finalerdien txanda iritsi da Joxan Tolosa Txapelketan

Ataria 2021eko irailaren 9a

Finalerdietara iritsi da buruz buruko Joxan Tolosa Txapelketa. Bihar eta etzi jokatuko dira partidak, bi egunetan 21:30ean hasita, Larrunarri pilotalekuan.

Biharko lehenengo partidan, etorkizunen mailakoa, Julen Alberdi zizurkildarrak (Aurrera Tolosa) eta Ekhi Irribarria aramarrak jokatuko dute. Bigarrengoan, elite mailakoa, Eneko Labaka albizturtarrak (Aurrera Tolosa) eta Unai Astiz lekunberriarrak jokatuko dute. Hirugarrengoan, etorkizunekoa, Oier Ariztegik (Erreka) eta Iker Amiano irundarrak (Aurrera Tolosa) jokatuko dute.

Larunbatean, lehen partidan, kadete mailan, Eneko Gorostidi amezketarrak (Zazpi Iturri) eta Beñat Labaka azpeitiarrak jokatuko dute. Ondoren, kadeteetan ere, Beñat Apezetxea goizuetarrak eta Oier Ibarluzeak (Lapke) jokatuko dute. Hirugarrengoan, elite mailakoa, Iñaki Elola bidaniarrak (Aurrera Tolosa) eta Hodei Exposito astigartarrak jokatuko dute. Bi egunetarako sarrerak bost euro balioko ditu, eta zozketa bat ere antolatuko dute Zazpi Iturri elkartekoek.

Hain justu, Amezketako elkartetik txapelketaren orain arteko balantze «oso positiboa» egin dute. Aurreko asteburuan jardunaldi bakoitzean ehun ikusletik gora izan zirela nabarmendu dute. Txapelketako finala irailaren 26an izango da, 17:00etan, eta Youtube bitartez zuzenean emango da.

Aurreko asteburuko emaitzak

Asteburuan jokatu ziren final-laurdenetako emaitzak ondorengoak izan ziren: kadeteetan, Etxeberria 8 - Apezetxea 22, eta Ibarluzea 22 - Anduaga 3; etorkizunetan, Altuna 12 - Irribarria 22, Arribillaga 14 - Amiano 22, eta Alberdi 22 - Larrañaga 3; elite mailan, Elola 22 - Irazustabarrena 17.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!