Amezketan euskara ikasi nahi dutenek izena eman beharko dute udaletxean

Tolosaldeko Ataria 2021ko ira. 3a, 10:26

Amezketako Udalak, aurten ere, euskara herrian bertan ikasteko aukera eskainiko die herritarrei, Tolosako Aitzol Euskaltegiarekin elkarlanean. Izena emateko epea hilaren 17an, ostiralean, amaituko da.

Urtero egiten duen moduan, Amezketako Udalak 2021-2022 ikasturterako euskara ikastaroak antolatuko ditu herrian bertan, Tolosako Aitzol Euskaltegiaren laguntzarekin.

Udalak oinarrizko, erdi mailako eta goi mailako euskara ikastaroen eskaintza zabala egin du. Oinarrizko mailak A1 eta A2, euskararen ezagutzaren hastapenetan daudenentzat; B1 eta B2, erdiko mailakoentzat, eta B2 landu ondoren 2. Hizkuntza Eskakizuna titulua eskuratzeko aukera izango dute. C1 eta C2 maila aurreratuak, eta C2 landu ondoren 3. Hizkuntza Eskakizuna (lehen EGA titulua zena) eskura daiteke, "maila goreneko ikasketen lanbideetarako beharrezkoa dena", nabarmendu dute. Euskara ikasteko lehen urratsetan edo hastapenetan dabiltzanei ez ezik, udaletik maila nagusietan euskara ikasteko eskaintza ere zabaldu nahi die 16 urtetik goragoko amezketar guztiei.

Izena emateko epea irailaren 17 artekoa izango da, eta Amezketako udaletxean egin beharko da. Matrikulak 100 euroko kostua du, eta fidantza modukoa izango da; izena ematean ordaindu beharrekoa, eta ikasturtearen bukaeran ikasleei bueltatuko zaiena, %80ko bertaratzearekin betetzen badute. Neurri horrekin udalak ikasleen konpromisoa bermatu nahi duela esan du, eta azpimarratu: "Klaseetara joanez gero, hauek dohainekoak direla esan behar da".

Behin izena emateko epea amaituta, guztiei bilera baterako deia egingo diete; mailak kontuan hartuta, egutegia, ordutegiak eta taldeak antolatzeko.

Informazio gehiago nahi izanez gero, udaletxera joan edota deitu daiteke (943 65 31 89), edo Aitzol Euskaltegira (943 65 10 06). herritarrak animatzea, 16 urtetik goragokoak, ikasleak, langileak nahiz langabetuak euskara ikasteko aukera hau aprobetxatzera animatzen ditu Amezketako Udalak.

Bukatzeko, Amezketa herri euskalduna izaten jarraitzea amezketar guztien ardura dela gogorarazi diete herritar guztiei: "Dakitenek erabiltzea eta ez dakitenek ikastea, gero erabili ahal izateko, baina era berean, euskaraz dakitenen ardura da ez dakitenei eta ikasten ari direnei bultzadatxo bat ematea. Pazientziarekin eta modu errazean, tabernan, dendan, plazan… euskaraz zuzenduz, eta ikasten ari direnak animatuz eta bultzatuz".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!