"Horrelako jarrerek ez dute lekurik gure gizartean"

Ataria 2021eko abuztuaren 31

Amezketako Udalak egindako deiari erantzunez herriko plazan bildu dira herritarrak gaur arratsaldean; giza eskubideen aurkako jarrerak "onartezin eta bidegabetzat" jo dituzte.

Amezketan bizi den gizonezko batek bere bikotekideari eraso egin zionaren berria jaso zuen udalak joan den ostiralean. «Emakumeaz gain, adin txikiko haur batek ere kolpeak jaso zituen». Erasoa salatzeko udalaren deiari erantzunez elkarretaratze jendetsua egin dute gaur arratsaldean Amezketako plazan.

Pertsonen duintasuna, askatasuna eta integritate fisikoa urratu ezin diren eskubideak direla esan du udalak, eta beraz, erabat gaitzesgarri, bidegabe, eta onartezintzat jo ditu eskubide horien aurkako jarrerak. «Ez dute lekurik gure gizartean», esan dute elkarretaratzearen amaieran irakurritako adierazpenean.

Udalak elkartasun beroena adierazi nahi izan die erasoa jasan zuten emakumeari eta haurrari eta eskerrak eman dizkie, erasoa gertatzen ari zen unean, «gauza okerragorik gerta ez zedin», erasotzailea geldiarazi zuten amezketarrei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!