Eskualdeko bi pilotarik aurrera egin dute Joxan Tolosa Txapelketan

Ataria 2021eko abuztuaren 24a

Irazustabarrena alegiarrak elite mailan eta Iraeta bidaniarrak kadeteetan euren partidak irabazi dituzte. Beste hiru pilotari, berriz, txapelketatik kanpo geratu dira: Jon Urbieta asteasuarra eta Egiguren tolosarra elite mailan, eta Zabala adunarra promesetan. Tolosa elkarteko Amianok aurrera egin du promesetan.

Buruz buru kantxa osoan jokatzen den Joxan Tolosa Txapelketaren bigarren jardunaldian izan zen asteburuan, Amezketako Larrunarri pilotalekuan. Besteak beste, eskualdeko bi pilotariren arteko partida jokatu zen elite mailan, eta Irazustabarrena alegiarrak (Intxurre) 22-8 irabazi zion Jon Urbieta asteasuarrari (Behar Zana). Ostiralean jokatu zuten partida hori eta egun berean beste bi jokatu ziren: promesetan Zabala adunarrak (Zazpi Iturri) 20-22 galdu zuen Irribarriaren aurka, eta kadeteetan Etxeberriak 5-22 irabazi zion Kareagari.

Larunbatean, Egiguren tolosarrak (Tolosa) galdu egin zuen 22-6 Riolen aurka elite mailan. Kadeteetan Iraeta bidaniarrak (Tolosa) 20-22 irabazi zion Zabaletari, eta promesetan Tolosa elkarteko Amianok 22-16 irabazi zion Ruiz de Larramendiri.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!