Joxan Tolosa Txapelketaren lehen jardunaldia osatu dute

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 18a, 10:00

2019an egin zen azken txapelketa. Irudian, sari banaketa.

Aurreko asteburuan, ostiralean eta larunbatean, jokatu zituzten buruz buruko XXXI. Joxan Tolosa Txapelketaren lehen partidak. Parte hartzen zuten eskualdeko hiru pilotariek aurrera egin dute.

Ohi bezala hiru mailetan jokatzen ari dira txapelketa, kadete, promesa eta elite mailetan, eta bakoitzean hamabi pilotarik parte hartuko dute. Maila bakoitzean lau zerrendaburu daude eta horiek final-laurdenetan sartuko dira lehian. Partidak ostiral eta larunbatetan izango dira, Larrunarri pilotalekuan, 21:30ean hasiz. Jaialdi bakoitzean maila bakoitzeko partida bana jokatuko da.

 

Aurreko ostiralean jokatutako partidetan, kadete mailan Apezetxeak 22-11 irabazi zion Iglesiasi, promesetan Julen Alberdi zizurkildarrak (Tolosa) 22-9 irabazi zion Fernandezi, eta elite mailan Xabier Urbieta asteasuarrak (Behar Zana) 10-22 irabazi zion Etxebarriari. Larunbatean, kadeteetan, Armaoleak 22-11 irabazi zion Etxanizi, promesetan Zubeldia altzotarrak (Intxurre) 22-8 irabazi zion E. Lizeagari, eta elite mailan Astizek 15-22 irabazi zion Karregali.

Aurreko urtean ez zen egin txapelketa, osasun egoeraren eraginez, eta aurten berriro ere antolatzea erabaki dute Zazpi Iturri pilota elkartekoek. Beñat Beloki elkarteko kideak azaldu duenez, "Xalton zabalak irekitako bideari jarraipena eman nahi izan diogu. Bide batez, eskerrak eman behar zaizkie babesle guztiei, beraien laguntza gabe ezin izango baitzen aurrera egin". Txapelketa "gustura" antolatu dutela azaldu du Belokik: "Amezketa herri pilotazalea da eta jendea beti izaten da pilota partidak ikusteko prest". Buruz buru, Espainiako Txapelketa kenduta, ez da beste txapelketarik izaten maila horretan.

 

Finalak irailaren 25ean izango dira, 17:00etan hasita. Finalerdietan eta finalaren egunean sarreratxoa kobratuko da, eta aurreko jaialdietan sarrera doan izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!