Amezketa ezagutzeko modu polita

Tolosaldeko Ataria 2021ko abu. 9a, 19:59

Agurtzane Garmendia herritarra ari da larunbat arratsaldeetan eta igande eguerdietan bisitariei herria erakusten.

Pasa den urteko harrera ona ikusita, aurten ere Argi galduaren bila bisita gidatua egiten ari dira Amezketan. Uztailaren erdialdean hasi ziren, eta irailaren 12ra arte izango da larunbat arratsaldeetan eta igande eguerdietan egiteko aukera.

Agurtzane Garmendia herritarrak hartu du aurten ere bisitak gidatzeko ardura, eta azaldu duenez, "oso gustura" dago zeregin horrekin. Pasa den urtean, estreinako aldia izanik, "urduriago" zegoela esan du, baina aurten "lasaiago" ekin diola erronkari.

Iazkoarekin alderatuta, aurten bisitari kopurua zertxobait jaitsi dela ere nabarmendu du Garmendiak: "Pasa de urtean neurri gogorragoak genituen, eta horregatik jendeak ez zuen urrutira joateko aukera baliatu. Horregatik, jende gehiago izan genuen, eta gertuagokoak". Izan ere, aurtengo bisitetan, eskualdeko herritarrez gain, Gipuzkoakoak edo Gipuzkoatik kanpokoak ari dira izaten asko.

Atzo eguerdian eginiko bisitan, esaterako, sei pertsonak hartu zuten parte: bi tolosar ahizpa eta lau gazte bizkaitar. Tolosar ahizpek azaldutakoaren arabera, Tolosan egiten ari diren bisita gidatuak eginak dituzte, eta "Amezketakoa egunkarian irakurri ostean" piztu zitzaien egiteko gogoa. 

Bost geldiunetan banatzen du Agurtzane Garmendiak ordu eta erdiko iraupena duen bisita gidatua. San Bartolome elizaren atzeko aparkalekua da bisitarien topagune eta abiapuntua, eta bertan hasten da herriaren ingurukoak kontatzen. Esaterako, Amezketa izenaren nondik norakoak azaltzen ditu, garai batean ametzak nagusi zirela herrian kontatuz. Pernando Amezketarra ere behin baino gehiagotan izaten du aipagai bisitan zehar. Jaio zeneko etxea zein izan zen kontatzen die bisitariei, ezkondu ondoren non bizi zen, edota beste hainbat pasadizo.

Bisitaren hasierako puntuan Txindoki parez pare delarik izenaren jatorriaz ere hitz egiten du, eta baita Mariren inguruan ere, "Anboto eta Txindoki" artean bizi baita.

Elizaren atarian edo zimiterioan geldituta, pilotaz ere hitz egiten du Garmendiak, bertako horma batean pilotan jokatzen baitzen lehen, eta Jokin Altuna pilotaria ere nabarmentzen du.

Hurrengo interesgunea eliza barruan dago. Izan ere, garai batean San Bartolome elizan bertan lurperatzen zituzten herrian hildakoak, eta gaur egun bertan mantentzen dituzte. Aulki bakoitzak jabea du, baita argizaiolak ere, eta horien azpian daude norbere familiaren gorpuzkinak.

Elizaren kanpoaldetik udalak guztiz berritu duen Ierabizkar errotara bidean jartzen dira. Errotara sartu aurretik, garai bateko jantziak soinean dituela agertzen da bisitarien aurrean, eta horrela ematen ditu errotaren funtzionamenduaren inguruko azalpenak. Hura martxan ikusteko parada ere izaten dute, garai batekoa irudikatuz. Eta, errotaren kanpoaldean ematen dio Garmendiak amaiera bisitari. Argia behin baino gehiagotan erreferentzia izanik, bisita atsegin eta lasaia, Amezketa ezagutzeko.

Bisitetan parte hartzeko aldez aurretik erreserba egitea ezinbestekoa da. 657 370 156 telefono zenbakira deituz, whatsapp mezua bidalita, edo Tolosako turismo bulegoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!